Zinema
Heriotza
Antonio Ozores hil da
Erredakzioa
81 urte zituen, eta gaixotasun luze baten ondorioz zendu da gaur. 160 filmetan, 200 antzezlanetan eta hainbat telebista eta irrati saiotan hartu zuen parte.
Antonio Ozores hil da gaur Madrilen, 81 urte zituela. Gaixotasun luze baten ondorio zendu espainiar komiko ezaguna. Bere hilotza Tres Cantoseko La Paz tanatorioan dago, eta bihar erraustuko dute, Zinema Akademiak ohar batean jakinarazi duenez.
Ozoresek (1928, Burjasot, Valentzia) 160 filmetan, 200 antzezlanetan eta hainbat telebista eta irrati saiotan hartu zuen parte. Aktore familia baten bosgarren belaunaldiko kidea zen: aktoreak zituen aita, osaba, eta anaia (Mariano Ozores zuzendaria).
Bi hamarkadatan zehar, antzeztaldeko etengabeko aktore gisa edo sainete eta komedietako protagonista moduan egin zuen lan, eta lan horri esker komiko paper berezia sortzeko gai izan zen Ozores. Antzerki, errebista eta zinema munduan egindako paperekin keinu bilduma aberatsa lortu zuen, eta geroara, azkarregi hitz egiteko bere modu berezi eta ezagun horretara bideratuko zuen izaera komikoa, Jose Luis anaiaren edo Cantinflas mexikarraren berba-moduak gogora ekarriz.
Zazpi hamarkadetako ibilbide profesionalaren ondoren, omenaldiak eta sariak jasotzen jarraitzen zuen. Azkena Alacanteko Zinemaldian eman zioten, bere ibilbide profesionala saritzeko. ''''Lan asko egin dut, baina omenaldiak egiten dizkidate, ni bakarrik nagoelako. Gutxi geratzen gara, beste guztiak dagoeneko hil egin baitira. Berdin zait nola gogoratuko nauten. Ez naiz egongo bertan, beraz, pentsa dezatela nahi dutena'''', esaten zuen.