Zinema
Asteko estreinaldiak
'Sexo en Nueva York 2' filmeko neskak, Miley Cyrusekin lehian
Erredakzioa
Cyrusek albo batera utzi du Hanah Montana eta 'La ultima cancion' filmearekin datorkigu. Estreinaldien artean 'Mamut' (Gael Garcia Bernal) eta 'Estación del olvido' espainiarra ere baditugu.
Sexo en Nueva York filmaren bigarren atala da aste honetako estreinaldi nagusienetako bat. Bertan izango ditugu berriz ere pantaila txikiko New Yorkeko lau emakume ospetsuenak, baina baita beste aurpegi ezagun batzuk ere: Penelope Cruz edo Miley Cyrus bera agertuko dira Sexo en Nueva York 2 filmean.
Nerabe ezagunak bi agerraldi ditu aste honetako karteleran, bera baita asteko beste estreinaldi nagusienetako baten protagonista ere. Hanah Montana albo batera utzi eta La ultima canción drama erromantikoarekin datorkigu oraingoan.
Pertsonen arteko harremanak eta maitasunaren bilaketa (Mamut) edo nagusienek gure gizartean duten parera (La ultima canción) dira aste honetako karteleran aurkituko ditugun beste gaietako batzuk.
Sexo en Nueva York 2 film berrian, Estatu Batuetako hiri ezaguna atzean utzi eta Ekialde Hurbilera egingo dute bidaia Carriek, Samanthak, Charlottek eta Mirandak. Zergatik? Bi urte igaro dira Carrie ezkondu zenetik eta lau emakumeen bizitza aldatu egin da. Leku misteriotsu, ezberdin eta bitxia aukeratu dute neskek ezkontzaren eta amatasunaren inguruan hausnarketa egiteko: Abu Dabi. Eszenatoki berria eta Penelope Cruz eta Miley Cyrus bezalako aurpegi berriak ere.
Orain arte Hannah Montana gisa ezagutu dugu Miley Cyrus, baina estatubatuarrak Disneyren pertsonaia albo batera utzi nahi izan du La ultima cancion lanean aritzeko. Julie Anne Robinsonek zuzendu du filma, eta Nicholas Sparks idazlearen Un paseo para recordar eleberrian dago oinarrituta. Ronnie (Miley Cyrus) uda aitarekin igaro behar duen nerabe inkonformista bat da. Hasieran ez oso ados egongo ideiarekin, baina iritzia aldatu egingo du, mutil batek eraginda.
Gael Garcia Bernal eta Michelle Williams aktoreak dira protagonista Mamut pelikulan. Lukas Moodysson suediarrak zuzendu du lana, eta gizakiok elkarrekin harremanetan egon eta maitasuna bilatzeko dugun beharrari buruz egiten du hausnarketa.
Christian Molina eta Sandra Serna zuzendari katalanek sortu dute Estacion del olvido, amodioz, samurtasunez eta emozioz betetako lana. Filmak adineko jendeak gure gizartean duen paperari buruz hausnarketa egiteko proposamena luzatzen digu. Domingo marinel zaharra da, eta itsasotik urrun bizi da, agureentzako egoitza batean. Bertan Pau gaztea ezagutuko du, gizartean barneratzeko arazoak dituen mutikoa. Epaile baten aginduz dago Pau bertan, gizarte lanak egiteko. Elkarrekin abentura bereziari ekingo diote.