Itxi

Zinema

Elkarrizketa

Koldo Serra: 'Gernikako bonbardaketa kontatu egin behar zen'

Natxo Velez | eitb.eus

Bizkaitar zuzendariak “Gernika” estreinatuko du gaur, 1937an hiribilduak pairatu zuen bonbardaketan kokatutako maitasun istorio bat kontatzen duen filma.

  • Koldo Serra

    Koldo Serra

Harrigarria badirudi ere, orain arte inork ez du pantaila handian kontatu 1937ko apirilaren 26an Gernikan izandako sarraskia. “Gernika bonbapean” ETBren telefilmak salbu, inork ez du orain arte zineman kontatu espainiar kolpisten aginduz alemaniar eta italiar hegazkinek herritarren aurka egindako erasoa.

Horrexek, Gernikan gertatutakoaren lekukotasunik ezak, bultzatu zuen Koldo Serra “Baso ilunean” (Bosque de sombras) filmaren gidaria proiektuan murgiltzera, berak azaldu digunez. Serra sei milioi euroko aurrekontua zuen egitasmoaren lemazain jarri zen, hortaz, tripulazioan bidelagun James D´Arcy, Jack Davenport eta Maria Valverde protagonistak, Barbara Goenaga, Ingrid Garcia Jonsson, Irene Escolar eta Burn Gorman zituela, besteak beste.

Filmean, Teresa (Maria Valverde) errepublikanoen prentsa bulegoko editorearen, Henry (James D’Arcy) Iparraldeko Fronteko egoeraren berri ematen ari den estatubatuar kazetari deprimituaren eta Vasyl (Jack Davenport) gobernu errepublikanoaren aholkulariaren arteko harremana kontatzen da.

Koldo Serrarekin hitz egin dugu guk, filmaz gehiago jakin guran.

Filmaren ideia Jose Alba eta Carlos Clavijo ekoizle malagarrena izan zen, eta Clavijok berak eta Barney Cohenek (“Friday the 13th: The final chapter”) idatzi zuten gidoia. Noiz jarri ziren zurekin harremanetan, eta zergatik eman zenien baiezkoa?

Eugenio Mira (“Grand piano”) zuzendariaren bitartez heldu ziren niregana Jose eta Carlos. Aurretik ingelesez atzerritar aktoreekin filmatu zuen norbait ezagutzen ote zuen galdetu zioten, eta nire berri eman zien. Eskertzen diot.

Haiekin hitz egin nuen, eta Gernikako bonbardaketari buruzko nazioarteko film bat egin nahi zutela eta ingelesez filmatu nahi zutela esan zidaten. Horrez gain, gidoian “Friday the 13th” sagako laugarren zatiaren gidoigileak parte hartu zuela esan zidatenean, burutik eginda zeudela pentsatu nuen.

Nire ustez, gaiarengatik esan nien baietz, eta, batik bat, ETBren telefilmaz haraindi bonbardaketaren inguruko materialik ez zegoela egiaztatu nuenean eman nuen eskura nuen guztia eta gehiago. Istorio hori kontatu egin behar zen, eta inork ez zuen aurretik egin.

Gernika María Valverde

Hartu zenuen parte gidoia idazteko lanean?

Tira, behin proiektuan murgildu nintzenean, Euskal Herriarekin lotutako elementuak erantsi nizkion istorioari, hala nola –eta ez dut gauza gehiegirik kontatu nahi– Athleticen intsignia baten inguruko istorioa edo hainbat toki jakin: Gaztelugatxeko Doniane edo Bilboko udaletxeko Arabiar Aretoa.

Gainera, euskal herritarrentzat bonbardaketaren gaiak zelako garrantzia daukan ere azaldu nien.

“Gernika” film handia da, gurean ohikoak diren estandarrekin alderatuz. Nola egin zenion aurre horrelako ekoizpen handi baten gidari lanetan jartzeko erantzukizunari?

Guztiaren ardatza istorioa kontatu beharra da. Azkenean, film bat egiteko behar izaten den diru kopurua kontatu nahi duzun istorioaren araberakoa da, eta jakin banekien film honetarako aurrekontu handia izango zela.

Bertigoa ere ematen du sei milioi euroko aurrekontua erabiltzeak, baina 1937ko Bilbo eta Gernika birsortzea edo bonbardaketa irudikatzea garestia da. Hori bai, bilbotarra izateak lagundu egin du…

Zure ustez, zer eman dio filmari hiru aktore protagonistetako bakoitzak?

Jamesek eta Jackek duela 15 urte ezagutzen dute elkar, lagunak dira, baina aurretik ez dute inoiz elkarrekin lan egin, eta hori oso lagungarria izan da. Gainera, “Gernika” hitzaren atzean zer dagoen ezagutu zutenean, emozionalki ere filmaren istorioan sartzea lortu genuen, eta oso erraza izan da beraiekin lan egitea.

Mariari dagokionez, aspaldidanik ezagutzen dut, “La fuga” Telecincoren telesailean bat egin genuenetik, eta adiskideak gara. Hortaz, ni izan nintzen Maria Euskadira lan egitera etortzeko konbentzitu nuena. Gainera, erronka polita iruditu zitzaion ingelesez, gaztelaniaz eta euskaraz filmatzea.

Izan ere, bera eta Irene Escolar, madrildarrak izanik, euskaraz filmatzera ausartu ziren, coach baten laguntzaz. Eta ondo baino hobeto egin zutela uste dut.

Koldo Serra

Zergatik ez da Gernikako bonbardaketari buruzko film askorik egin orain arte?

Ez da gertatu zena kontatzeko interesik egon, noski, baina, objektiboki begiratuta, ekoizteko eta egiteko film zaila dela aitortu behar da; diru asko lortu behar izan dugu egin ahal izateko.

Gainera, efektu digitalek abioiak eta leherketak erakusten dituen film bat egitea ahalbidetzen duten garai batean egin dugu… Duela hamar edo hamabost urte, teknologia hori ez zegoen gaur bezain eskura, eta hobetu egin da, gainera.

Gerra Zibila ohiko gaia da Estatuan egiten diren filmetan. Zelan hurbiltzen zaio “Gernika” gertakari hari?

Hain zuzen ere, Gerra Zibilaren inguruko filmen ohiko estetikatik ihes egin nahi izan dut. Gernikako erasoa, gainera, Bigarren Mundu Gerrarako prestakuntza gisa erabili zuten alemanek, eta, hori baliatuta, “Gernika”k gogora, formalki eta estetikoki, Gerra Zibileko filmak baino gehiago Bigarren Mundu Gerrakoak ekartzea izan da nire helburua.

Eta Euskadin filmatu izanak ere lagundu du horretan: mendiak, itsaso urdina, lokatza, euria… Elementu horiek guztiek denok buruan ditugun filmetako kolore sepia eta okreetatik aldendu du “Gernika”.

Oso film argitsua da, oso berdea eta oso urdina. Ez dauka film horien antz handirik.

Gernika

Gai horrekin jarraituz, nahiz eta Gerra Zibila askotan jorratu duen, Estatuan eginiko zinemak gai hori dagokion sakontasunez jorratu duela uste duzu? Hau da, egin ote du Espainian ekoitziriko zinemak militarren matxinadaren eta ondorengo gerra zibilaren kontakizun mardulik?

Alde batetik, nire ustez, ez dira egiten jendeak uste duen adina film gai horri buruz. Seguru nago Estatuan komedia erromantiko gehiago egiten direla Gerra Zibilari buruzko filmak baino, azken hori bere horretan generotzat hartuta ere.

Bestalde, Historiarekin zorretan gaudela ere uste dut, bai Gerra Zibilaren gaian baita beste edozein garaitan gertatutakoarekin ere. Nik, ikusle gisa, maite dut atsegin hartzen dudan bitartean ikastea, eta, hartara, zinema historikoa eta gerra pelikulak gustatzen zaizkit. Gainera, istorio asko daude oraindik kontatzeko, istorio txiki zein handiak.

Malagan aurkeztu zenuten pelikula, martxoan, zinema espainiarraren jaialdian. Nola joan zen?

Filma erakutsi dugunetan, oso harrera ona izan dugu, eta jendea esker onez hurreratu zaigu, istorio hori kontatu dugulako, nahiz eta askotan jorratzen ez den gaia izan.

Zer deritzozu euskal zinemagintzari? Zer lanek eman dizute arreta edo zeinen irrikan zaude?

Egia esan, zinemagintzan dihardugunon arazo handi bat zinema ikusteko denborarik ez dugula izaten da. “Amama” asko gustatu zitzaidan, eta beste batzuk, “Pikadero” kasu, ezin izan ditut oraindik ikusi.

Oraindik estreinatu ez direnen artean, “Aundiya” ikusteko gogo biziz nago.