Zinema
Lehen filma
Datorren astean hasiko dira Imanol Rayoren 'Bi anai' filmatzen
Erredakzioa
35 mm.tan eta euskaraz grabatuko du zuzendari nafarrak bere lehen filma, Bernardo Atxagaren eleberrian oinarrituta.
Imanol Rayo zuzendari nafarra ekainaren 21ean hasiko da bere lehen film luzea grabatzen. Bi anai euskaraz eta 35 mm.tan grabatuko dute eta Bernardo Atxagaren izen bereko eleberrian oinarritzen da. Orio Produkzioakek ekoizten du eta uztailaren 30a bitartean filmatuko dute Artikutza, Ituren eta Lesaka bitartean.
Imanol Rayok berak idatzi du Bi anairen gidoia, Bernardo Atxagak idatzitako eleberri motzetik abiatuta. XX. mendeko 50eko hamarkadan kokatzen da:&' || 'nbsp;Paulok, seme gazteenak, Daniel adimen urriko anai nagusiaren ardura hartu beharko du. Danielen emakumeengana erakusten duen obsesio sexuala dela eta, herriko lagunak modu intolerantean jokatzen hasten dira.
Hainbat hilabetetako kasting lana egin dute eta aurpegi berriak aurkituko ditugu:&' || 'nbsp;Bingen Elortzak Pauloren papera hartuko du eta Aitor Koteronek Danielena. Aktore esperientziadunagoak ere izango dira, Kandido Uranga, Amaia Lizarralde edota Klara Badiola, kasu, eta baita aktore gazteak ere, Loreto Mauleon edo Oihan Lopetegi bezala.
Imanol Rayoren lehen film luzea izango da Bi Anai, La mosquita muerta edo Leihotik bezalako filmen ostean. Javier Agirre izango da fotografia zuzendari bezala, Pablo Buenok izango du soinuaren ardura eta Ander Sistiagak ekoizpen zuzendaria. Musika herrikoia da.
Euskaraz grabatuko dute eta Orio Produkzioak ekoiztetxe gipuzkoarrak egingo du, besteak beste Kutsidazu bidea, Ixabel 2006an egin zuen etxe berak. Beñat Ibarbia da produktorea.
ETBren partaidetza du Bi Anaik eta ICAAren, Eusko Jaurlaritzaren eta INAACen babesa.