Zinema
Zine Kontari 2016
Euskarazko zinemaren zikloa egingo dute Bilbon azaro eta abenduan
Agentziak | Erredakzioa
Azaroaren 28tik abenduaren 2ra egingo dute euskaraz egindako filmen erakustaldia Campos Eliseos antzokian, sarrera doan: “Gazta zati bat”, “Zuloak”, “Amama”…
-
"Amama" filmaren lantaldea, Donostiako 2015eko Zinemaldian. Argazkia: Efe.
SGAE Fundazioak eta Euskal Herriko Gidoigileen Elkarte Profesionalak (EHGEP) Zine Kontari 2016 euskara hutsean egindako zinemaren erakusketa egingo dute Bilbon, Campos Eliseos antzokian, azaroaren 28tik abenduaren 2ra bitartean. Helburua euskarazko film labur eta luzeak sustatzea da, alegia, "euskaraz idatzitako istorioak euskaraz kontatzea", antolatzaileek adierazi dutenez.
Campos Eliseos antzokiko Kupula Aretoan egingo da erakusketaren bigarren edizioa, eta emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira, abenduaren 2koa izan ezik, 18:00etan izango baita. Sarrera librea izango da proiekzio guztietan, aretoa bete arte.
Horrela, azaroaren 28an, "Gazta zati bat" ikusi ahal izango da. Euskal gatazkari buruz Jon Maiak egin duen dokumentala da, "giza ikuspegi hurbilago batetik eta historiak zein kazetaritzak azaldu dutenetik haratago". Xabier Solano eta Zigor Lanpreren musika eta Juantxo Sardonen argazkigintza du filmak.
Hurrengo egunean, azaroaren 29an, "Zuloak" Eider Rodriguezek eta Fermin Muguruzak zuzenduriko lana izango da ikusgai. Zuloak emakumezkoen musika boskotearen ibilbidea aztertzen du (Arrate Rodríguez, Naiara Goikoetxea, Ainhoa Unzueta, Tania de Sousa eta Izaskun Muruaga). "Emakumezko talde batek egiten duen ekarpen artistiko paregabea, genero ikuspegitik", nabarmendu dute.
"Arriya" izango da hurrengo proiekzioa, azaroaren 30ean. Euskal Herriko mugan den herri batean bizi diren hiru gazteren istorioa da, "amaierarik gabeko dolu baten istorioa". Alberto J. Gorritibereak idatzi eta koordinaturiko lana da, eta Iban Garate, Begoña Maestra eta Sara Casanovas ditu protagonista.
"Amama"
Abenduaren 1ean, "Amama" Asier Altunak zuzendu eta idatzitako film luzea izango da protagonista. Familia baten belaunaldien arteko gatazkaren istorioa da, iraganaren eta etorkizunaren arteko liskarra. Nagore Aranburu, Kandido Uranga, Iraia Elias, Amparo Badiola, Klara Badiola, Ander Lipus eta Manu Uranga dira protagonistak.
Azkenik, abenduaren 2an, ostiralarekin, "Zigortzaileak" izango da ikusgai. Zenbait ikaskideren mehatxu eta irainei erantzuteko isilpeko defentsa talde bat osatzen duten ikasleen istorioa da, neska-mutilei eta guraso eta helduei zuzendutakoa, eskola jazarpena jorratzen baitu.