Itxi

Zinema

Asteko estreinaldiak

'Eclipse' eta 'Madres e hijas' filmak, protagonistak karteleran

Erredakzioa

Banpiro saga ospetsuaren azken filmarekin batera, Naomi Wattsen eta Samuel L. Jacksonen 'Madres e hijas' eta Forest Whitakerren 'La boda de mi familia' ere estreinatuko dira.

Crepúsculo sagaren film berriarekin gogor lehiatuko dira aste honetako estreinaldiak, Eclipse zintarekin, alegia. Banpiroak, familia arazoak eta arabiar munduko kazetariak hizpide du ostiral honetako kartelerak.

Aurreko filmek sortu zuten ikusmin berdinarekin hartu dute zaleek Eclipse filma. Banpiro ikusgarrienen hirugarren pelikula asteazken honetan estreinatu da mundu osoan. Film berri honetan, Edwardek (Robert Pattinson), Bellak (Kristen Stewart) eta Jacobek (Taylor Lautner) banpiro hasiberriz osatutako ejerzito bati aurre egin beharko diote. Honekin batera, hiruren arteko amodiozko gorabeherak ere mantenduko dira.

Rodrigo Garcia Gabriel Garcia Marquez idazlearen semearen eskutik datorkigu Madres e hijas filma. Naomi Watts, Samuel L. Jackson eta Annette Bening aktoreak buru, amaren eta alabaren arteko familia zailtasunak erakusten ditu pelikulak. 14 urte zituela, Karenek bere alaba bakarrik utzi zuen. Orain, 22 urte igaro ondoren, bere erabakiaz oraindik damutzen da.

Aste honetako komedia Forest Whitaker eta America Ferrera aktoreen eskutik etorriko zaigu. La boda de mi familia, Rick Famuyiwa estatubatuarrak zuzenduta, neska mexikarra eta bere bikote afroamerikarraren arteko ezkontza prestatzean sortzen diren arazoak ditu mintzagai. Izan ere, familiak leku nabarmena izango du ezkontzan.

Hiru Kontinenteetako Zinema Jaialdian Publikoaren Saria eta Egiptoko kritikaren Pelikula Onenaren saria eskuratu ditu Mujeres de El Cairo filmak. Emakume kazetarien askatasun falta Egipton eta egoera hau aldatzeko borroka agerian uzten ditu zintak.