Zinema
Asteko estreinaldiak
Tom Cruise, banpiroak eta komedia ostiraleko karteleran bildu dira
Erredakzioa
Asteko estreinaldien artean, 'Noche y día', Cruisekin eta Cameron Diazekin, banpiroei buruzko 'El circo de los extraños' eta 'Una hora más en Canarias' umoretsua aipa ditzakegu.
Tom Cruise eta Cameron Diaz udako zinema bikotekideen Día y noche pelikula gure zinema-aretoetara heldu da. Erromantizismoa eta akzio eszenak ditu nagusi James Mangoldek zuzendutako filmea. Ihes dabilen agente sekretua da Tom Cruise. Bere neska-lagunarekin batera (Cameron Diaz), ihesbideari ekingo dio. Bitartean, Sevilla eta Cadiz hiriak, besteak beste, bisitatuko dituzte.
Aste honetako barreak David Serrano zinemagile espainiarraren eskutik datorkigu, Una hora más en Canarias zintarekin, alegia. Hirukote bat du protagonista: Quim Gutierrez, Angie Cepeda eta Juana Acosta aktoreak. Azken biak gizona bera maitemintzen saiatuko dira. Elkarrizketa dibertigarriak, txisteak eta musika emanaldiak uztartzen dituen pelikula dugu.
Banpiroak modan daude. Horren adibide, El circo de los extraños pelikularen estreinaldia. Paul Weizt zinemagileak zuzenduta, John C. Reilly, Josh Hutcherson eta Salma Hayek dira protagonistak. Darren Shan nerabe baten istorioa du mintzagai: bere bizitza goitik behera aldatuko da banpiro bihurtzen denean. Banpiroei buruzko liburu saga batean oinarritu da zinta.
Bederatzi urte igaro dira Vicente Molina Foixek film bat zuzendu zuenetik. Ostiral honetan bere bigarren lana helduko zaigu: El dios de madera. Zinta honi esker, Malagako Zinema Jaialdiaren Emakumezkoen Aktore Onenaren saria jaso zuen Marisa Paredesek. Kulturen lau ikuspegi ezberdinak erakusten ditu.
Asteko drama London river filmea da. Rachid Bouchared zuzendariaren eskutik, 7-J datan izan ziren Londreseko atentatuak ditu mintzagai. Frantzian bizi den musulman batek eta emakume alargun kristau batek uste baino gehiago dute amankomunean.
Ella, una joven china asteko beste drama duugu, kasu honetan, Txinatik heldu zaiguna. XXI. mendeko Txinako gazteriaren erretratua agerian jartzen du zintak. Locarnoko Zinema Jaialdian Urrezko Lehoinabarra eskuratu zuen.