Itxi

Zinema

Asteko estreinaldiak

'El Equipo A' berritua eta Adam Sandlerren umorea, aliatuak karteleran

Erredakzioa

80ko hamarkadako telesaioaren bertsio berria, Sandlerren, Chris Rocken eta Salma Hayeken 'Niños grandes', eta Catherine Zeta-Jonesen 'Mi segunda vez' aurki ditzakegu ostiraleko estreinaldien artean.

Udaren erdialdeko ostiral honek estreinaldi anitzak dakarzkigu. Aste honetako karteleran 80ko hamarkadako El Equipo A telesaio ezagunaren pelikula berria nabarmendu dezakegu: aktore berrien eskutik datorkigu zinta, Liam Neeson, Bradley Cooper, Sharlto Copley, Quinton Jackson eta Jessica Biel aktoreen eskutik, hain zuzen ere. Xede arriskutsua beteko dute oraingoz Irakeko beteranoek, euren izena garbitzeko eta benetako erruduna agerian jartzeko asmoz.

Niños grandes komediak umorearen aktorerik ezagunetarikoa ekarri du gaurkotasunera. Adam Sandler eta Salma Hayek ditu protagonista, Kevin James, Chris Rock, Maria Bello eta Maya Rudolphekin batera. Unibertsitatea amaitu zutenetik 30 urte igaro dira eta urteurrena hau ospatzeko, bost lagun eta bere bikoteak asteburu batez bilduko dira. Horrek egoera barregarriak sortuko ditu.

Mi segunda vez filmarekin zinema-aretoetara itzuli da Catherine Zeta-Jones. Justin Bartha aktorea ere protagonista izanda, 24 urteko unibertsitateko ikaslearen eta 40 urteko emakumearen arteko elazioa du mintzagai.

Splice: experimento mortal Adrien Brodyk eta Sarah Polleyk interpretatutako zientzia fikziozko pelikula dugu. Vincenco Natalik zuzenduta, zientziak laborategian sortutako arraza berri batek eragin ditzazkeen arazoak erakusten ditu zintak.

Jean-Pierre Dardenne frantses zuzendariaren eskutik datorkigun drama da El silencio de Lorna. 2008. urtean Canneseko Zinema Jaialdian Gidoi Onenaren saria eskuratu zuen eta mutil baten amodioarengatik bere bizitza arriskuan jartzen duen emakume gazten baten istorioa du mintzagai.

Asteko beste drama La vida en tiempos de guerra dugu. Todd Solondz zuzendariaren eskutik dator eta Shirley Henderson, Ciaran Hinds eta Allison Janney ditu protagonista. Kanadatik datorren azken drama Mamá está en la peluquería izenburuko filma dugu. Lea Pool zinemagileak zuzenduta, sentimenduz betetako istorioa du mintzagai.