Zinema
Abuztuaren 24an
Woody Allenek Avilesen estreinatuko du azken filma
Erredakzioa
Antonio Banderas, Anthony Hopkins eta Naomi Watts aktoreak dira protagonistak 'You will meet a tall dark stranger' komedia honetan. Canneseko Nazioarteko Zinemaldiaren azken edizioan aurkeztu zuten.
Woody Allen zinemagile ezaguna Avilesera itzuliko da abuztuaren 24an, orain arte sortu duen azken filma aurkeztera. You will meet a tall dark stranger da lanaren izena, eta Estatu Batuetan baino hilabete lehenago estreinatuko da Espainian. Londresen grabatu zuten komedia, eta Antonio Banderas, Anthony Hopkins eta Naomi Watts aktoreak dira bertan protagonistak. Canneseko Nazioarteko Zinemaldiaren azken edizioan aurkeztu zuten, lehiaketatik kanpo.
Ez da lehen aldia Woody Allenek Asturias hautatzen duena. Bertan egin zuen El sueño de Casandra lanaren pase pribatua, eta Vicky Cristina Barcelona filmareko lokalizazio batzuk ere bertan jaso zituen. Oscar Niemeyer Kulturguneko kide da Allen, eta bertan egingo du filmea aurkezteko prentsaurrekoa. Aurrestreinaldia, ordea, Avilseseko Kultur Etxean egingo dute, abuztuaren 24an. Filma hilaren 27an helduko da gure zinema aretoetara.
Zoriontasuna bilatzeko bidean zentsugabekeriaz jarduten duten pertsonaiak aurkezten dizkigu Allenek orain ere: banatu berri diren senar-emaztearen (Anthony Hopkinsen eta Gemma Jonesen) eta beraien alabaren (Naomi Wattsen) nondik norakoak izango ditugu ikusgai pantaila handian. Alabak ere izango du zerekin kezkatu, Josh Brolin bere senarraren eta Antonio Banderas nagusiaren arteko maiatasun korapiloa askatzeko. Hemen duzu trailer ofiziala gazteleraz.