Itxi

Zinema

Zinema jaialdia

Hanekek mugarria ezar lezake Cannesen, Urrezko hirugarren Palma irabazita

Agentziak | Erredakzioa

Austriar zuzendaria, Todd Haynes, Michel Hazanavicius eta Sofia Coppola dira, besteak beste, frantziar jaialdiko sari nagusia irabazteko hautagaiak.

  • Dena dago prest Cannesen, zinemaldia hasteko. Argazkia: Efe.

    Dena dago prest Cannesen, zinemaldia hasteko. Argazkia: Efe.

Michael Haneke austriarra Canneseko jaialdiko Urrezko Palma hirugarrenez irabazi duen lehen zinemagilea izan liteke (“Zinta zuria”gatik 2009an irabazi zuen, eta “Amour”gatik 2012an) maiatzaren 28an , Frantziako zinemaldiko 70. edizioaren palmaresaren berri ematen duten egunean. Aurrean, dena dela, Todd Haynes, Michel Hazanavicius eta Sofia Copolla izango ditu, besteak beste.

Erabakia Pedro Almodovar buru izango duen epaimahaiak hartu beharko du, eta, horretarako, espainiar zinemagileak alboan izango ditu Maren Ade eta Paolo Sorrentino zinemagileak eta Jessica Chastain eta Will Smith aktoreak, besteak beste.

Heneke “Happy end” funtsean errefuxiatuen krisia ageri duen dramarekin lehiatuko da, zeinetan Isabelle Huppert, Jean-Louis Trintingnant, Mathieu Kassovitz eta Toby Jones aktoreek parte hartu baitute.

75 urte dituela, bi aldiz irabazi du Hanekek Canneeko zinemaldiaren sari nagusia dagoeneko, Billie Augustek, Francis Ford Coppolak, Luc eta Jean-Pierre Dardennek, Shohei Imamurak, Emir Kusturicak, Ken Loachek eta Alf Sjobergek bezala.

Todd Haynesek “Woderstruck” aurkeztuko du,  Julianne Moore eta Michelle Williams lagun dituela; Michel Hazanaviciusek (“The artist”) “Le redoubtable”, Jean-Luc Godarden maite kontuei buruzko pelikula; eta Sofia Coppola “The beguiled” Elle Fanning, Kirsten Dunst eta Nicole Kidmanekin egindako lanarekin lehiatuko da.

Netflix, denen jomugan

Noah Baumbach eta Bong Joon-Ho zinemagileek Sail Ofizialean aurkeztuko dituzten filmek, bestalde, hautsak harrotu dituzte; izan ere, Netflix plataformak ekoitzi ditu bi pelikulok, eta, hortaz, telebista bidez ikusteko sortuak dira, ez zinema aretoetan proiektatzeko.

Horren aurrean, Cannesek arauak aldatu ditu, eta, datorren urtetik aurrera, lehian izango diren filmak aretoetan estreinatu beharko dira, Frantzian behinik behin.

Ezinbesteko beste hitzordu batzuk egongo dira jaialdian: Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikarraren film labur bat erakusten duen proiektu artistiko bat; Roman Polanski eta Claude Lanzmannen azken lanak; Vanessa Redrgrave aktoreak zuzendutako dokumental bat; eta Abbas Kiarostamik egin zuen azken lana. Denetariko zinema Cannesen, maiatzaren 28a baino lehen.