Itxi

Zinema

Erakustaldia

Euskal zineari eskainitako zikloa egiten ari dira Kolonbian

Arkaitz Villar

Erredakzioa

Irailaren 11an amaituko den VII. Euskal astearen baitan egiten ari dira eta luzemetrai eta film laburrek osatzen dute.

Pasa den irailaren 5ean hasi zen Bogota hiriko Kolonbiako Euskal Etxean zazpigarren Euskal Astea. Aurtengo edizioa irailaren 11an amaituko da eta antolatu dituzten ekitaldien artean euskal zinemari eskainitako ziklo bat dago.

Zine emanaldiak, Kolombiako Unibertsitate Nazionaleko Zinematekan egiten ari dira. Lehendabiziko emanaldia pasa den irailaren 6an egin zuten Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquert zuzendarien Ama Lur lanarekin. Irailaren 9an, osteguna, Julio Medemen La pelota vasca, Lucía y el sexo eta Caótica Ana emango dituzte. Ostiralean berriz, irailak 10, Victor Erice zuzendari bilbotarraren El sol del membrillo, El Sur eta El espíritu de la colmena lanen txanda izango da. Zikloa irailaren 11an amaituko dute Montxo Armendarizen Secretos del Corazón, Imanol Uriberen Días contados eta Enrique Urbizuren Todo por la pasta filmenkin.
Emanaldiak betetzeko luzemetraien aurretik Kimuak programako film laburrak eskainiko dituzte. Horrela, Asier Altunaren Topeka, Txotx eta Sarean, Safy Nebbou-ren Lepokoa, Koldo Almandozen Amuak eta Columba Palumbus, Igor Legarreta eta Emilio Perezen El gran Zambini, Begoña Vicarioren Haragia, eta Izibene Oñederraren Hezurbeltzak una fosa común ikusi ahal izango dira.

Zinemari eskainitako erakustaldia Bogotako Euskal Etxean irailaren 10ean egingo duten Montxo Armendarizen Tasio filmak osatuko du.