Zinema
74. Mostra
Aronofsky, Ai Weiwei, Clooney eta Payne, Urrezko Lehoiaren bila Venezian
Agentziak | Erredakzioa
Italiako jaialdiaren hirurogeita hamalaugarren edizioa ospatuko dute abuztuaren 30etik irailaren 9ra, eta Jane Fonda eta Robert Redford omenduko dituzte.
-
Guillermo del Toro "The shape of water" filmarekin lehiatuko da Venezian: Argazkia: Fox Searchlight
Darren Aronofsky, George Clooney, Guillermo del Toro, Alexander Payne eta Ai Weiwei dira Veneziako 74. zinema jaialdian, Jane Fonda eta Robert Redford omenduko dituen Mostran, Urrezko Lehoia irabazteko lehiatuko diren zuzendarietako batzuk.
"Downsizing" (Alexander Payne) Matt Damon, Christoph Waltz eta Kristen Wiig aktoreen lana erakusten duen filmak irekiko du programazioa, sail ofizialean 21 film proiektatuko dituen edizioan.
Damonek, gainera, “Suburbicon” George Clooneyk zuzendutako lanean ere hartzen du parte, Julianne Moore eta Oscar Isaacekin batera; beraz, estatubatuar aktorearen bi film izango dira sail ofizialean.
Guillermo del Toro ere lehiatuko da Italiako hirian, “The shape of water” fantasiazko ipuinarekin. Darren Aronofsky ere, Donostiako Zinemaldiko Perlak sailean bere filma erakutsi baino lehenago, Venezian izango da “Mother” Jennifer Lawrence eta Javier Bardem protagonista dituen beldurrezko pelikularekin.
Samuel Maoz israeldarrak ere badaki zer den Urrezko Lehoia irabaztea: 2009an egin zuen, “Lebanon” lanarekin, eta aurten “Foxtrot”ekin saiatuko da.
Italiaren izenean, Paolo Virzi lehiatuko da, besteak beste, “The leisure seeker” ingelesez filmatutako bere lehen lanarekin, zeinetan Helen Mirren eta Donald Sutherland aktoreen laguntza izan baitu.
Halaber, beste zuzendari hauek ere saiatuko dira Lehoia irabazten: Andrew Haigh ("Lean on Pete") eta Martin McDonagh ("Three Billboards Outside Ebbing, Missouri") britainiarrak, Hirokazu Kore-eda ("The Third Murder") japoniarra, Abdellatif Kechiche ("Mektoub, my love: canto uno") tunisiarra eta emakume bakarra, Vivian Qu txinatarra ("Angels Wear White").
Bestalde, “First reformed” Paul Schraderrek Ethan Hawke eta Amanda Seyfried aktoreekin egindako lana eta “Ex libris – The New York Public Library” Frederick Wiseman dokumentalistaren lana ere ikusi ahalko dira Venezian.
Beste dokumental bat da jakin-min handiena piztu duen lanetako bat, “Human flow” Ai Weiwei txinatar artistak immigrazioaren inguruan egindakoa.
Ohorezko Urrezko Lehoia bi aktore mitikok jasoko dute, Robert Redfordek eta Jane Fondak.