Zinema
Irailaren 27tik
Biarritz, Latinoamerikako zinemaren topaleku datozen egunotan
Erredakzioa
Urriaren 3a arte, film laburren, film luzeen eta dokumentalen lehiaketa egingo dute Latinoamerikako zinema eta kulturaren Biarritzeko Jaialdian.
Hasi da Latinoamerikako zinema eta kulturaren Biarritzeko Jaialdiaren 19. edizioa. Urriaren 3a arte, film laburren, film luzeen eta dokumentalen lehiaketa izango dugu Biarritzen. Zuzendari gazteei eskainitako tartea ere izango dute, eta Amerikako kontinenteko talentu berriak aztertuko dituzte bertan.
Astelehen gaueko inaugurazio ekitaldian Revolucion film luze mexikarra proiektatu zuten, aurtengo lehiaketako pelikuletako bat. F. Eimbcke, P. Riggen, G. García Bernal, A. Escalante, C. Reygadas, M. Chenillo, G. Naranjo, R. Plá, D. Luna eta R. García zinemagileen taldelana da filma. Lehian ibiliko direnen artean, 2010eko Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu berri den Cerro Bayo argentinarra ere badago.
Guillermo Arriaga, Edgar Ramirez eta Carlos Reygadas dira edizio honetako gonbidatuetako batzuk. El Pozo lanarekin dugu Arriaga lehian, Veneziako Zinema Jaialdian arrakasta handia lortu zuen lanarekin.
Felipe Cazalsen Chicogrande film mexikarrak itxiko du aurtengo Latinoamerikako zinema eta kulturaren Biarritzeko Jaialdia. Bukatu berri den Zinemaldiko Sail Ofizialean eskaini zuten lehen filma dugu Chicogrande.
Lehiaketan parte hartuko duten filmekin batera, omenaldiak eta hainbat gairen inguruko atzera begirakoak ere izango dira Biarritzen. Bruselako film laburren jaialdiko, Aquitaine Image Cinemako eta Kimuakeko aukeraketa bat ere izango da bertan ikusgai. Zinema lanez gain, urriaren 3a arte Latinoamerikako kulturaren ikuspegi osoa emateko eskaintza zabala prestatu dute, literatur topaketak, argazki erakusketak eta hitzaldiak ere egongo baitira.