Itxi

Zinema

Heriotza

Arthur Penn zinemagilea hil da, 'Bonnie and Clyde' filmaren zuzendaria

Erredakzioa

88 urte zituen. Hiru aldiz izendatu zuten Oscar sarietarako, zuzendari onenaren atalean, 'El milagro de Ana Sullivan' (1962), 'Bonnie and Clyde' (1967) eta 'El restaurante de Alicia' (1969) lanekin.

Arthur Penn zinema, antzerki eta telebista zuzendaria zendu da, 88 urte bete eta biharamunean, ''The New York Times'' egunkariak jakitera eman duenez. Ia urte bete zeraman gaixorik Philadelphiako zinemagileak.

Hiru aldiz izendatu zuten Penn Oscar sarietarako, zuzendari onenaren atalean. El milagro de Ana Sullivan (1962), Bonnie and Clyde (1967) eta El restaurante de Alicia (1969) lanekin lortu zituen izendapenok.

Telebistan eta antzerki munduan egin zen hasiera batean ezagun, baina 60ko hamarkadan zinema ibilbideari ekin zion, gai sozialak eta politikoak lantzen zituzten pelikulekin.

1962an El milagro de Ana Sullivan lanaren zinemarako moldaketa egin zuen, eta film horretako bi emakumezko aktoreek Oscarra irabazi zuten: Anne Bancroftek emakume aktore onenarena, eta Patty Dukek bigarren emakume aktore onenarena. La jauría humana (1966) filma izan zen bere lehen arrakasta handienetako bat. Marlon Brando, Robert Redford eta Jane Fonda zuzendu zituen bertan.

Urtebete geroago iritsi zen Bonnie and Clyde, zinemaren historian leku berezia egin dion lana. Warren Beatty eta Faye Dunaway aktoreen eskutik ezagutu genituen Bonnie eta Clyde kriminal ahaztezinak. Bi Oscar sari irabazi zituen pelikulak, argazkilaritza onenaren saria eta bigarren emakume aktore onenaren saria (Estelle Parsons).