Zinema
Asteko estreinaldiak
'Buried' estugarria eta 'Abel' sariduna zinema-aretoetara iritsi dira
Erredakzioa
Ostiraleko estreinaldien artean, Robert Rodriguezen Machete, Zac Efron gaztearen 'Siempre a mi lado' eta 'Híncame el diente' komedia nabarmendu ditzakegu.
Estreinaldi garrantzitsu ugariz datorkigu ostiraleko kartelera. Horien artean, Mexikotik datozen ekoizpenak dira nagusi. Donostiako 2010eko Zinemaldian sari bi lortu ondoren, gure zinema-aretoetara iritsi zaigu Abel filma. Diego Lunak zuzendutako lehenengo pelikula honek bederatzi urteko Abel izeneko mutiko baten istorioa du mintzagai. Horren portaeraren eta hitzik ez egiteko erabakiaren ondorioz, etxetik gertu dagoen osasun mentaleko erakunde batean dago. Zintak markak hautsi ditu eta, bildutako diru kopuruari dagokionez, errekorra lortu du Mexikon.
Mexikotik ere helduko zaigu Buried (Enterrado). Rodrigo Cortes espainiarrak zuzenduta, Chris Sparlingen gidoia du. Egurrezko kutxa zahar batean bizirik lurperatuta esnatu da Iraken kontratista zibila bezala lan egiten duen Paul Conroy. Ez daki nork lurperatu duen eta, are gutxiago, zergatik. Hortik ihes egiteko bide bakarra sakelako telefono bat da. Estaldura eskasa eta bateria eta oxigeno falta duela, bizitza eta heriotzaren arteko lasterketa burutuko du Paulek: erreskatatzeko 90 minutu besterik ez du.
Machete film odoltsua ekarri du estreinakoz Robert Rodriguezek. Danny Trejo preso ohia da protagonista eta, besteak beste, Jessica Alba, Lindsay Lohan eta Robert de Niro ezagunak agertzen dira bertan. Machete Mexikoko polizia federaleko agente ohia da eta Texasera ihes egin beharko du, Torrez izeneko Mexikoko mafiako buruari aurre egin ostean. Halere, hilketa salaketa baten ondorioz, Machetek mendekua hartuko du.
Aste honetan barreak Híncame el diente komediaren eskutik etorriko zaizkigu. Azken urteotan nerabeen inguruan egindako filmen parodia bat da. Banpiroak jaun eta jabe egin dira Sporken, Becca izeneko neska baten bizilekuan. Bi mutil artean erabaki ezinik dabil; bata, misteriotsua, goibela eta oso zurbila da; bestea, zentzuduna eta samurra. Institutuko dantzaldia hurbiltzen doan neurrian, erabaki garrantzitsu batzuk hartu beharko ditu.
Zac Efron High School Musical filmeko idoloak bere alde sentikorrena erakutsiko digu Siempre a mi lado lanean, Ben Sherwood idazlearen La muerte y la vida de Charlie St. Cloud liburuaren moldaketan. Charlieren bizitza eta munduaren ikuspuntua goitik behera aldatuko da zirkulazio istripu batean bere anaia txikia hiltzen denean.
Deepa Meta idazle eta gidoigile indiar-kanadarrak Cielo filma zuzendu du, Chanden istorioa kontatzen duen drama. Protagonista Kanadatik Indiara joango da, Rocky izeneko gazte batekin ezkontzera. Bizitza berri bati ekiteko ametsa amesgaizto bihurtuko da, ezkon-bizitzak eta bere senarraren familiak mindu eta nahastu egingo baitute. Lanean Jamaikako lankide bat, Rosa, ezagutuko du, eta bien arteko adiskide-harremanak esperantza apur bat emango dio.