Itxi

Zinema

Urriaren 4tik 9ra bitartean

124 lan lehiatuko dira Iruñeko XI. Zinemaldian

Erredakzioa

Film laburrak, luzeak eta dokumentalak kontuan hartuta, 100etik gora izango dira ikusgai; horietako 18 nafarrak dira. Civivox Iturrama, Condestable eta Saide zinema-aretoetan eskainiko dituzte.

Iruñeko XI. Zinemaldia hartuko du Nafarroako hiriburuak urriaren 4tik 9ra bitartean. Bertan, estatuko eta nazioarteko mailan dokumental, film luze eta film labur onenak izango ditugu ikusgai. Jaialdian parte hartzeko 824 zinema lan aurkeztu ziren eta horietako 124 aukeratu dituzte, 18 zinta nafar tartean. Aurtengoa iazkoa baino parte-hartze handiagoa izango da, antolatzaileen esanetan.

Zazpi film aukeratuko dituzte irabazle eta bakoitzak 14.100 euroko saria jasoko du. Bost sailetan banatu dituzte pelikulak:

-Educatif: DBHko eta batxilerreko ikasleei zuzendutako 32 film luze, film labur eta dokumental proiektatuko dituzte.
-Valor Visual: gizarte arloko nazioarteko 16 dokumental izango ditugu ikusgai. Horietatik, 12 lehiatuko dira eta batek 2.500 euroko sari ekonomikoa jasoko du. Ikus ditzazkegun lan horietatik lau nafarrak dira.
-Alternatif: estatuko 35 film labur desberdinak proiektatuko dituzte. Sail honek bost golardo emango ditu: lehenengo saria (5.000 euroko akzesita), emakumezko eta gizonezko aktore onenarena (bakoitzari, 2.000 euroko akzesita), Nafarroako film labur onenarena (1.000 euroko akzesita) eta publikoaren sariarena (1.000 euroko akzesita).
-Alternatif Internacional: nazioarteko fikziozko 18 film laburrak eskainiko dituzte. Beste zinemaldietako zinta saridunak izango dira, besteak beste, herrialde honetakoak: Alemania, Mexiko, Argentina, Peru, Irlanda eta AEB, besteak beste. Emanaldi guztiak jatorrizko bertsioan azpitituluekin eskainiko dituzte.
-Cortico: aukeratutako 8 film labur nafarrak izango ditugu ikusgai. 600 euroko sariagatik lehiatuko dira eta ikusleek eurek aukeratuko du lan onena.

Emanaldi guztiak Civivox Iturraman, Condestablen eta Saide Carlos III zinema-aretoetan proiektatuko dituzte.

Hamaika urteko zinemaldi honek zinemagintzaren kultura eta ikusentzunezko sorkuntzaren sustapena Iruñeko biztanleriari hurbiltzea ditu helburu. Iruñeko Udalak antolatuta, Kultura Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza, besteak beste, jaso du jaialdiak.