Itxi

Zinema

ZINEA

15 herrialde eta 51 pelikula lehiatuko dira Bilbao Mendi Film Festivalen

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Festibalean zehar aurreko udan hil zen Alberto Zerain arabar alpinistari omenaldia egingo diote.

  • Bilbao Mendi Film Festival 2017 kartela

    Bilbao Mendi Film Festival 2017 kartela

Bilbao Mendi Film Festivalen hamargarren edizioa, nazioarteko mendiko zinemaren erakustaldirik garrantzitsuenetarikoa, abenduaren 8tik 17ra egingo da, Bizkaiko hiriburuan. Jennifer Peedomen ‘Mountain’ pelikularen emanaldiarekin abiatuko dute aurten, Euskalduna Jauregian.

Sail ofizialean, 51 film lehiatuko dira festibalaren X. edizio honetan, hainbat herrialdetakoak: Ameriketako Estatu Batuak, Kanada, Alemania, Erresuma Batua, Austria, Frantzia, Italia, Argentina, Bulgaria, Txina, Eslovakia, Polonia eta Espainia.

Jack Tackle alpinista, Banff festibalaren zuzendari Deb Smythe, New Yorkeko Wild Film Festivalaren zuzendari Nancy Rosenthal, eta Jesus Mari Lazkano eta Paul Urkijo aktore euskaldunak izango dira film irabazleak hautatuko dituen epaimahaiko bost kideak.

Lehiaketaren egitarauak erakusketak, aurkezpenak eta hitzaldiak jasotzen ditu, eta, besteak beste, hauek eskainiko dituzte: Catherine Destivelle, Lynn Hill, Josune Bereziartu eta Edurne Pasaban alpinista eta eskalatzaileak, Bernadette McDonald idazlea, Katie Ives editorea, Lara Izagirre zinemagilea eta Pyrenaica aldizkariaren zuzendari Luisa Alonso-Cirés.

Peter Habeler oxigeno gehigarririk gabe Everest mendiaren gailurrera iritsi zen lehen mendizalea ‘The Walk On Project’ sariarekin omenduko dute, eta Juanjo San Sebastianekin batera arituko da hizketaldian.

Aurten Alberto Zerain ere omenduko dute, udan Mariano Galvan argentinarrarekin batera Nanga Parbart mendian hil den alpinista arabarra.