Itxi

Zinema

Zinema zientifikoaren jaialdia

'Flysch, Haitzen Hitza' dokumentala Rondan saritu dute

Erredakzioa

''Irudi zientifiko onenaren saria'' lortu du Asier Hilarioren eta Alberto J. Gorritiberearen lanak. Jarduera zientifikoei buruz ikus-entzunezko lanekin zabaltzen den irudia saritu nahi du aipamenak.

Asier Hilario eta Alberto J. Gorritiberea zuzendarien Flysch, Haitzen hitza dokumentala Rondako Zine Zientifikoaren jaialdian saritu berri dute. 1977tik, bi urterik behin egiten dute Rondako jaialdia, eta Estatu mailan aitzindari da zinema zientifikoaren inguruan egiten diren lehiaketen esparruan.

Flysch, Haitzen hitza dokumentalak IAMSen (International Association of media for Science) ''irudi zientifikorik onenaren sari berezia'' eskuratu du. Aipamenak jarduera zientifikoei buruz ikus-entzunezko lanekin zabaltzen den irudia saritzeko helburua du. Guztira 20 herrialdetako 180 dokumental aurkeztu dira aurtengo edizioan.

Flysch, Haitzen Hitza dokumentala, Zumaiako itsaslabarrari buruz egin den lehendabiziko ekoizpen handia da. Gipuzkoako kosta eremu honetan 50 milioi urteko historia dago gordeta (eta agerian, aldi berean), itsas labarrak irakurtzen jakitea gure planetaren historia irakurtzen jakitea ere bada-eta. Flyscharen harrizko geruzak irakurtzean, gure planetaren milioika urteko historia geratzen da agerian: aldaketa magnetikoak, itsas mailaren gorabeherak, berotze handiak...

Euskaraz eta gazteleraz ekoitzi dute filma, eta ingelesezko azpitituluakin bertsio bat ere badaukate. Bertan, mundu osoko zientifiko eta geologoek hartu dute parte, Alberto Gorritiberearen eta Asier Hilarioren zuzendaritzapean. 2009ko abenduan estreinatu zuten lana.

Etorkizunean ETBn izango da ikusgai dokumentala. Datorren hilabetean, dena den, bi emanaldi eskainiko dituzte: Beasainen (azaroaren 24an) eta Irunen (azaroaren 25ean). Asier Hilariok hitzaldia emango du bi emanaldi hauetan.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Zinema
  • Kultura