Itxi

Zinema

'Hor kanpoan'

Zientzia fikziozko filmak zientzialariekin ikusteko aukera, Donostian eta Bilbon

Agentziak | Erredakzioa

Zientzialariek lagunduta zientzia fikzioko inoizko lanik aipagarrienak ikusteko gonbidapena egingo du Euskadiko Filmategiak “Hor kanpoan” zikloaren bidez.

  • "Interstellar" filma proiektatuko dute, besteak beste

    "Interstellar" filma proiektatuko dute, besteak beste

Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa zentroak eta Bilboko Azkuna Zentroak "Hor kanpoan / Ahí fuera / Out there" zinema eta zientziari buruzko zikloa antolatu dute urtarriletik martxora bitartean.

Ikerketaren eta abentura espazialaren gaineko filmen zikloa izango da, eta zinemak Lurretik kanpoko balizko biztanleak nola irudikatuko dituen erakutsiko dute pelikuletan.

Donostiako emanaldiak Tabakaleran izango dira, ostegun guztietan, aste honetan hasita (urtarrilaren 11n), eta Bilbokoak, Azkuna Zentroan, otsailetik aurrera, zikloaren arduradunek Donostian eskainitako agerraldian azaldu dutenez.

Ikusgai izango dira "The Day the Earth Stood Still" filmaren parabola bakezale eta antinuklearra (Robert Wise, 1951); "The War of the Worlds" (Byron Haskins, 1953); Shakespearengan jatorri literarioa daukan inkontziente freudianoan murgiltzea, "Forbidden Planet" filmari esker (Fred McLeod Wilcox, 1956); eta "Invasion of the Body Snatchers" filmaren (Don Siegel, 1956) metafora antikomunista.

Bi hamarkada geroago, zinema estudio nagusiek efektu berezietan lortutako aurrerapenei esker egindako film bikainak ere egongo dira ikusgai, hala nola “Alien” (Ridley Scott, 1979) eta “E.T.” (Steven Spielberg, 1982).

Halaber, XXI. mendeko ekoizpenean murgilduta, "Gravity" (Alfonso Cuarón, 2013), "Interstellar" (Christopher Nolan, 2014), "The Martian" (Ridley Scott, 2015) eta "Arrival" (Denis Villeneuve, 2016) ere eskainiko dituzte.

Zientzialariekin batera

Arduradunek adierazi dutenez, zikloak proposatzen du zientzia fikziozko zinemaren historian nahitaezkoak diren filmak pantaila handian eta jatorrizko bertsioan ikustea, zientzialari entzutetsuekin batera.

Besteak beste, Pedro Miguel Etxenike (urtarrilaren 11n, Tabakaleran, "Interstellar" interpretatuko du fisikaren legeen arabera), Juan Ignacio Cirac, Rafael Yuste eta Agustín Sánchez-Lavega arituko dira hizlari.