Itxi

Zinema

Film laburrak eta dokumentalak

Zinebi 2010, motorrak berotzen

Erredakzioa

Hilaren 9an hasiko da PreZinebi, Zinebiren aurreko egunetarako antolatu dituzten jarduerak. ZINEBIEXPRESS lehiaketaz gain, Thomas Bidegain gidoigilearen hitzaldia ere izango dugu Bilbon.

Azaroaren 22tik 27ra, Zinebi Zine Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiaren 52. edizioa hartuko du Bilbok. Aurretik, aperitibo moduan, PreZinebi izango dugu Bizkaiko hiriburuan. Zinema-munduarekin lotutako jarduerek osatzen dute PreZinebiko programa, eta Bilboko Zabalgune eraikinean egingo dute, azaroaren 9tik 20ra.

Programatutako jardueren artean aipagarri dugu Thomas Bidegain Iparraldeko gidoigilearen hitzaldia. Un prophéte (2009) film luzea idatzi zuen Bidagainek, Jacques Audiard zinemagileak zuzendu eta, Cannesen Epaimahaiaren Sari Nagusia eskuratu zuen lana. Oscar sarietarako ere izendatu dute filma, atzerriko lan onenaren atalean.

PreZinebiko beste hitzordu nagusienetako bat Zinebiexpress lehiaketa dugu, 48 ordutan grabatutako film laburren lehiaketa. Bertan parte hartu nahi dutenek hilaren 13an eman beharko dute izena. Orduan jakinaraziko da aurtengo edizioko lanen gaia, eta, antolatzaileek HDV/DV zinta bat emango diete bertan parte hartzen dutenei. Ordutik aurrera, 48 ordu izango dituzte filma egiteko.

''El show del txistu'' ekimenaren beste edizio bat izango da aurten, Zinegoak Bilboko Gay-Lesbo-Bi-Trans Nazioarteko Zinema Jaialdiaren eskutik berriro. Azken edizioan arrakasta handia lortu zuen, eta, aurten ere, txistua joz epaile izateko aukera eskainiko diete bertako ikus-entzuleei.

Euskal zinemak bere tokia izango du PreZinebin, 80 Egunean lana aurkeztuko baitute bertan. Hori dela eta, Jon Garaño eta Jose Mª Goenaga zuzendariak eta hiru aktore protagonistak (Itziar Aizpuru, Mª Asun Pagoaga eta Jose Ramon Argoitia) han izango dira.

PreZinebin ohikoa denez, Caostica elkartea izango da berriro ere 52. edizio honen amaiera ekitaldiaren arduraduna. UFO-Pornoari eskainitako festa bat antolatuko dute. Helburua? Estralurtarren inguruko zinemaren historiari errepasoa egitea (B mailako filmei, bereziki).

PREZINEBI 2010: PROGRAMAZIOA

Asteartea, azaroak 9
Itziar Mena, Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterreko zuzendaria. EikenBank programaren aurkezpena.

Asteazkena, azaroak 10
Topaketa Thomas Bidegainekin, Un prophéte film luzearen gidoigilearekin, Euskal Herriko Gidoigile Elkarteak antolatuta.

Osteguna eta ostirala, azaroak 11 eta 12
EHUko, Erandioko Tartanga Institutuko eta Claro de Luna, Imval eta Kinema zinema eskoletako ikasleek 2010ean egindako lanen erakusketa.

Larunbata, azaroak 13
09:00etatik 10:30era: Zinebiexpress 10. Deialdia eta parte hartzaileen izen-ematea.

19:45ean. Zinegoak film laburren irabazleen emanaldia.

Astelehena, azaroak 15
UNICEF-Euskal Herria. Haurrek Afrikako herrialdeetan bizi duten egoera latza erakusten duten nazioarteko film laburren:
-Africa''s Child (Jonathan Allen eta Alex Gabbay, 2008. Dok. 25 min.).
-...and the letter the children sent to God said (Khalo Matabane, 2008. Dok. 16 min.).
-Roofless (Licinio Azevedo, 2008. Dok-Fik.16 min.).
-The Sharing Day (Tsitsi Dangarembga, 2008. Fik. 17 min.).

Asteartea, azaroak 16
FAS Zine Klubak 80 Egunean euskal filma aurkeztuko du. Bertan egongo dira Jon Garaño eta Jose Mª Goenaga zuzendariak. Ondoren, kontzertua, Morlans pop bikote donostiarrarekin.

Asteazkena eta osteguna, azaroak 17 eta 18.
Simone de Beavoir taldeak omenaldia eskainiko dio Delphine Seyrig antzezle, zinemagile eta militante feministari. Emanaldiak:
-Scum Manifiesto (Delphine Seyrig / Carole Roussopoulos. Frantzia, 1976. Dok. 25 min.).
-Maso et Miso vont un bateau (Delphine Seyrig / Carole Roussopoulos / Iona Vreder / Nadja Ringart, 1976. Frantzia, 1976. Dok. 55 min.).
-Sois belle et tais-toi (Delphine Seyrig. Frantzia, 1981. Dok. 115 min.).

Ostirala, azaroak 19
ZINEBIEXPRESS 10 lehiaketako sarien banaketa eta finalista izan diren film laburren emanaldia.

Larunbata, azaroak 20
Zinebiexpress 10 lehiaketako sarien banaketa eta finalista izan diren film laburren emanaldia.