Zinema
Film laburrak
Abian da Nontzefilmak, Zinema eta Animazioko Film Laburren Lehiaketa
Erredakzioa
Nontzeberrik urtero martxan jartzen duen lehiaketan parte hartzeko deialdian zehaztutako epea 2011ko otsailaren 25ean itxiko da.
Nontzefilmak Zinema eta Animaziozko Film Laburren Lehiaketa abian jarri du Nontzeberrik. Fant-en laguntzarekin, Bilboko Zinema Fantastikoa jaialdia, egiten duen proiektu honetan aurkeztutako lanak zinema edo animaziokoak izango dira, azken horretan animazio teknika guztiak onartuko direlarik (3D, Flash, stop-motion…). Aurtengo nobedade nagusia, NontzeSpot spot lehiaketa da. Nontzeberriren webgune berria sustatzeko asmoarekin martxan jarri duten lehiaketa.
Mundu osoko partaideei irekita dagoen lehiaketa honetan parte hartzeko gaia librea da, baina lan guztiak originalak izan behar dira eta, lehiatzeko, 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera egindakoak. Lanak jasotzeko epea 2011ko otsailaren 25ean (13:00) amaituko da.
Nontzefilmak lehiaketan sarituak izango diren lanak FANT 2011 jaialdian erakutsiko dira.Sari-banaketan erakutsiko diren lan onenek euskarazko azpitituluak izango dituzte.
Hauek dira banatuko diren sariak:
Nontzefilmak Saria Zinemako film onenari: 2.000 euro
Zinemako bigarren Saria: 1.500 euro
Zinemako hirugarren Saria: 900 euro
Nontzefilmak Saria Animazioko film onenari: 2.000 euro
Animazioko bigarren Saria: 1.500 euro
Animazioko hirugarren Saria: 900 euro
Era berean, Euskaraz eginiko lan onenak (zinemakoa zein animaziokoa izan) 1.000 euro jasoko ditu.
Azkenik NontzeSpot Lehiaketako irabazleak 500 euro jasoko ditu.
NontzeSpot
Aurtengo lehiaketaren nobedade nagusia NontzeSpot sail berria da. Nontzeberriren webgune berria sustatzeko asmoz sortu duten sail hau spot lehiaketa da. 30 segundutik beherako iraupena izan behar dituzten lanek parte hartu ahal izango dute bertan. Euskara da onartuko den hizkuntza bakarra eta ezinbestean azaldu beharko da Nontzeberriren logoa, antolakuntzak luzatuko duena.