Itxi

Zinema

Jaialdia

Zinexit, bizikidetzarako zinema

Erredakzioa

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaritzak bultzatu du zinema jaialdia. Hilaren 16an eta 19an egingo dute Bilbon, eta sarrera doakoa izango da.

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaritzak bultzatuta, Zinexit zinema jaialdia egingo dute hilaren 16an eta 19an, Bilboko alondegian. Bizikidetza bultzatzea eta indarkeria deslegitimatzea du jaialdi honek helburu. Horretarako, pelikulak proiektatzeaz gain, giza eskubideekin konpromezua hartua duten pertsonek moderatuko solasaldiak ere egingo dituzte. Sarrera doakoa izango da.

Idoia Mendia Justizia sailburuak aurkeztu du gaur jaialdia Bilbon. Mendiak azaldu duenez, ekimen honen bidez zinemak emozioak transmititzeko duen gaitasuna aprobetxatu nahi dute, ''''bestela transmititzen eta ulertzen zailak diren emozioak erakutsi eta jakitera emateko''''. ''''Hezkuntzaren eta sozializazioaren alde erabili nahi dugun tresna da zinema'''', azpimarratu du Mendiak.

Programazioan aipatzekoak dira In a better world Danimarkako filma, My father my lord israeldarra, Gorka Merchan zinemagilearen La casa de mi padre eta Begoña Atin eta Maite Ibañez zuzendarien Mujeres en construccion pelikulak. Azken hau EITBren eta TV3ren laguntzarekin ekoitzi da.