Itxi

Zinema

Bafta

‘Three billboards outside Ebbing, Missouri’ nagusi, britainiar zinemaren sarietan

Agentziak | Erredakzioa

Martin McDonagh britainiarraren filmak bost sari irabazi ditu guztira eraman zitzakeen bederatzietatik, besteak beste, film eta jatorrizko gidoi onenenak.

  • Bost sari irabazi ditu "Three billboards outside Ebbing, Missouri". Argazkia: Efe.

    Bost sari irabazi ditu "Three billboards outside Ebbing, Missouri". Argazkia: Efe.

‘Three billboards outside Ebbing, Missouri’ nagusitu da bart Erresuma Batuko Zinema Akademiak ematen dituen Bafta sarien 71. edizioan.

Martin McDonaghen filma bederatzi sailetan zegoen izendatuta, eta bost sari irabazi ditu: film onena, emakumezko aktore onena (Frances McDormand), bigarren mailako gizonezko aktore onena (Sam Rockwell), jatorrizko gidoi onena eta britainiar film onena. Sari gehien pilatu dituzten filmen zerrendan bigarrena “The shape of water” izan da, hiru lortuta, eta “Darkest hour” eta “Blade Runner 2049” lanek bina eraman dituzte.

‘Three billboards outside Ebbing, Missouri’ McDonagh ingelesak idatzi eta zuzendutako lanaren ardatza Mildred Hayesen istorioa da, alabaren heriotza argitu gabe dagoela aldarrikatzeko hiru iragarki ohol alokatzen dituen amaren nondik norakoak.

McDonaghen lanak film onenaren Urrezko Globoa irabazi du duela gutxi, eta martxoaren 4an sail horretako Oscar saria irabazteko hautagai nagusia da, adituen ustez.

Guillermo del Toro mexikarrak aurreikuspenak bete ditu, eta zuzendari onenaren saria irabazi. Ez da ezustekorik izan, halaber, aktore nagusien sarietan, Gary Oldmanek “Darkest hour”en Winston Churchillena egitearren eta Frances McDormandek “Three billboards”eko paper protagonistagatik irabazi dituzte eta.

Bigarren mailako emakumezko aktore onenaren saria Allison Janney estatubatuarrak irabazi du “I, Tonya” lanagatik, zeinak Urrezko Globoa ere irabazi baitzuen eta Oscarra bereganatzeko hautagai nagusia baita.

Ridley Scotti omenaldia

Gaueko une hunkigarriena Ridley Scott britainiar zinemagileak industriari egindako ekarpenagatik Gilen printzearen, Cambridgeko dukearen, eskutik Ohorezko Bafta jaso duenekoa izan da.