Itxi

Zinema

36 minutu

Harry Potterren hurrengo filmaren ordu erdi filtratu dute

Erredakzioa

Artxiboak deskargatzeko Interneteko atari batean agertu da, mundu mailako estreinaldia izan baino lau egun lehenago.

Harry Potter and the Deathly Hallows Part 1 filmaren lehen 36 minutuak Interneteko artxiboak deskargatzeko atari batean agertu dira, The Hollywood Reporterrek jakinarazi duenez.

Mundu mailako estreinaldia izan baino lau egun lehenago izan da filtrazioa. Ostiralean izango da estreinaldia. Oraindik ez dakite nondik sortu den filtrazioa, baina Warner Bros estudioak "lanean" ari dira eta horren atzean daudenei "legearen pisu guztia" eroriko zaie gainean eta epaitegietara eramango dituzte.

"Egile eskubideen bortxaketa argia da eta Warner Brothersen jabetzari egindako lapurreta da", esan du konpainiak agiri batean. "Eskuragarri egon daitezkeen kopiak merkatutik ateratzeko lanean ari gara", esan dute Warnerretik.

Harry Potter and the Half-Blood Prince, sagaren aurreko filma, 2009an gehien pirateatu zen filmen artean izan zen, bederatzi milioi deskargekin. Filmak, aldiz, 934 milioi dolar eskuratu zituen mundu guztiko zinema-aretoetan.