Itxi

Zinema

Facuaren azterketa

Gasteizko zinemak, Hegoaldeko garestienak asteburu eta jaiegunetan

Agentziak | Erredakzioa

Arabako hiriburuan, 8,60 euroan daude zinema aretoetarako sarrerak asteburuetan, batez beste, eta Donostian, berriz, 7,80koa da batez besteko salneurria egun horietan.

Hego Euskal Herriko hiriburuetakoen artean, Gasteizko zinema aretoak dira garestienak asteburu eta jaiegunetan, Facua kontsumitzaileen elkarteak txosten batean azaldu duenez.

2018ko urtarril eta otsailean egindako azterketa horretan, Espainiako Estatuko 47 hiriburutako eta bi hiri autonomoetako 115 zinema areto bisitatu dituzte, eta, bertan bildutako datuen arabera, beherapen eta eskaintzarik gabeko sarreretan Arabako hiriburuko aretoak dira garestienak, Bartzelona, Oviedo, Guadalajara eta Madrilekoekin batera.

Hain zuzen ere, Gasteizen asteburu edo jaiegunetan film bat ikustearen truke 8,60 euro ordaindu behar izaten dira batez beste.

Gainerako euskal hiriburuei dagokienez, Bilbon batez besteko prezioa 8,45 eurokoa da asteburu eta jaiegunetan, Iruñean 7,90ekoa eta Donostian 7,80koa.

Astegunetan, bestalde, prezioa bere horretan gelditzen da Gasteiz, Bilbo eta Iruñean; Donostian, berriz, 7,80 eurotik 6,73ko batez bestera jaisten da.

Ikuslearen egunean, Hegoaldeko hiriburuetako prezioa 4,90ekoa (Iruñea), 5,70ekoa (Bilbo), 5,90ekoa (Gasteiz) eta 6,20koa (Donostia) da.

Eskaintza “murritzak”

Bonu, eskaintza eta fideltasun txartelei dagokienez, Facuaren iritziz ez dira “nahikoak”, gehienak “zinemetara aste barruan joateko erabiltzen baitira eta, asteburu edo jaiegunetan erabili ahal direnen kasuan, baldintza batzuk bete behar izaten baitira, hala nola hainbat laguneko taldeetan joatea, denbora gutxiren buruan itzultzea edo saio jakin batzuetan erabiltzea”.

Bestalde, kontsumitzaileen elkarteak gogora ekarri du azken hamarkadan behin eta berriz salatu duela “beren instalazioetan erosi ez diren edari edo jatekoak sartzea legez kanpo debekatzen duten aretoen jarduna”.

Halaber, edozer gauza behar bezala ez dagoela ikusiz gero erreklamazio orriak eskatu behar direla oroitarazi du elkarteak.