Itxi

Zinema

Udazkenerako

'Black is Beltza' animaziozko filma urriaren 5ean estreinatuko dute

Natxo Velez | eitb.eus

Fermin Muguruzak zuzendutako pelikulak Manex protagonistak 60ko hamarkadan zehar egindako bidaia kontatuko du: Malcom Xren hilketa, Warhol, pantera beltzak, Kubako iraultza…

“Black is Beltza” Fermin Muguruzaren proiektuak paperetik pantaila handirako jauzia egingo du. Hiru urteko ekoizpen lanaren ondoren, irundar musikari eta zinemagileak, Harkaitz Canok eta Eduard Solak idatzitako gidoia urriaren 5ean ikusi ahalko da zinema aretoetan, 80 minutuko animaziozko film bihurtuta.

Unax Ugalde, Isaach de Bankole, Iseo, Sergi Lopez, Ramon Agirre, Rossy de Palma, Ramon Barea, Willy Toledo, Angelo Moore, Maria de Medeiros, Jorge Perugorria, Hamid Krim eta Emma Suarez aktoreek jarriko diote ahotsa Manex pertsonaia ardatz duen istorioari euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta arabieraz.

1965eko urrian abiatzen da istorioa: Iruñeko sanferminetako erraldoien konpartsak New Yorkeko Bosgarren Hiribidean desfilatzeko gonbita jaso du, baina erraldoi beltzek parte hartzea debekatuko dute, arrazakeriagatik.

Black is beltza posterra kartela cartel

Manexek horietako bat garraiatzeko ardura zuen, eta ezustekoz betetako bidaia batean murgilduko da, zeinetan Malcom Xren hilketa, Warholen faktoria, pantera beltzak, Kubako iraultza, hippyen hastapenak eta garai hartako musika jaialdietako giro psikodelikoa nahasiko baitira.

Musika

Muguruzaren gidaritzapean dagoen proiektua izanik, musika bereziki zainduta dago, eta EiTBren parte-hartzea duen filmaren soinu bandan hauek jarri dute musika: Raul Fernandez, Fermin Muguruza, Anari, Maika Makovski, Manu Chao, Yacine, Ana Tijoux, Brenda Navarrete, Sonido Gallo Negro, Lengualerta, Ceci Bastida, Iseo.