Zinema
Bigarren partea
14 urte geroago Etxebeste familia berriz elkartuko da, ‘Agur Etxebeste’ filmean
Agentziak | Erredakzioa
Astelehenean euskal film arrakastatsuaren bigarren partearen grabaketa hasiko da Bergaran. Lantalde artistiko eta tekniko berak hartuko du parte, Telmo Esnal eta Asier Altunaren zuzendaritzapean.
Astelehenean Aupa Etxebeste euskal film arrakastatsuaren bigarren partearen grabaketa hasiko da Bergaran (Gipuzkoa). Hamalau urte geroago Etxebeste familia berriz elkartuko da, Agur Etxebeste filmean. Handia filma estreinatu zen arte euskaraz inoiz egindako film komertzial ikusiena izan zen.
Lantalde artistiko eta tekniko berak hartuko du parte, Telmo Esnal eta Asier Altunaren zuzendaritzapean. Bertan izango dira Ramon Agirre (Patrizio Etxebeste), Elena Irureta (Maria Luisa), Iban Garate (Iñaki) eta Paco Sagarzazua (Luziano). Irusoin, La Fidele Production eta Klima Media etxeek ekoitziko dute filma.
Irusoinek proiektu berri honi hasiera eman zionean, 2005ean Aupa Etxebeste filmaren grabaketan parte hartu zuen lantalde bera biltzeko asmoa zuen. Zuzendariek jakinarazi dutenez, istorio berria zeharo ezberdina izango da, baina oraingoan ere umorea ziurtatuta dago. Aurrekoan, Marbellara oporretara joatekoak zirenean dirurik ez zutela ohartu ziren eta oporrak etxean igaro zituzten, haien egoera ekonomikoa ezkutatzeko asmoz.
Aupa Etxebestek lortutako arrakastaren ostean, “bigarren partea edo serie bat egitea” aztertu zuten, baina garai hartan zuzendariek eskuartean beste proiektu batzuk zituzten eta ideia hori alde batera utzi behar izan zuten, Esnalek azaldu duenez. Ostegun honetan, Agur Etxebesteren grabaketaren inguruko xehetasunak eman dituzte zuzendariek, Donostiako Tabakaleran egin duten agerraldian.
Telmo Esnalen esanetan, orain dela lau urte inguru filmaren bigarren partea egitea proposatu zien Irusoinek, eta lantalde guztia berriz biltzeko aukera ikusita, proiektuarekin hasteko “une egokia” zela pentsatu zuten zuzendariek.
“Zer kontatu” jakin behar zuten
Telmo Esnal eta Asier Altuna zuzendariek Nagore Aranbururekin batera idatzi dute gidoi berria.
Umorean oinarritutako filma izango bada ere, “pertsonaiek egiten dituzten txisteetan oinarritutako istorioa izan beharrean, haien arteko harremanetan oinarrituta egongo da”, esan du Esnalek.
Asier Altunak aitortu duenez, “bigarren parteak zailak izaten dira eta ardura handia” suposatzen dute. Alabaina, “gidoiak duen pisuan” sinesten duela esan du, eta bigarren zati bat baino gehiago “beste pelikula bat” izango dela gaineratu du.
2019rako aurreikusita dago lan berria estreinatzea, eta Euskal Herriko zinema aretoetan euskaraz ikusteko aukera egonda da.