Zinema
Otsailaren 21etik 26ra
Euskal zinegileen topagune izango da Zinemastea v.2
Erredakzioa
What about Columbus, Simple graces edo 80 egunean bezalako filmak emango dituzte Gasteizko jaialdian.
Otsaileko azkeneko astean egingo dute Gasteizen Zinemastea v.2 jaialdia. Euskal zinegileen topagune izango da beste behingoz eta What about Columbus, Simple graces edo 80 egunean bezalako filmak emango dituzte.
Sei egunetan zehar egingo duten jaialdian euskal zuzendarien lehen lanak erakutsiko dituzte. Luzemetrai eta film laburrez gain, tailer, topaketa eta eztabaidek beteko dute programazioa.
Nabarmentzekoa da What about Columbus dokumentalaren aurre-estreinaldia egingo dutela. Lander Camarero zuzendari bilbotarraren lehendabiziko lana Saint Exupéryren Printze txikian oinarritzen da. Lan hortako zati bat hartu eta Euskal Herriko, Peruko eta Indiako zinegile ezberdinek bere ikuspuntua kontuan hartuta film labur bat osatu dute. Gero, Camarero eta bere lantaldeak lan horien sorkuntza prozesuarekin dokumental bat osatzeko.
Simple graces Txesma Lasa donostiarraren dokumentala Bartzelonako In-Edit jaialdian estreinatu zuten. Donostiako Dock of the bay jaialdian eman ostean, Zinemastean erakutsiko dute. Delorean taldeak AEB eta Kanadan egindako bira erakusten du.
Joan den urtean Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendariak 80 Egunean filmaren proiektua aurkezten egon ziren Zinemastean. Aurten, berriro iltzuliko dira baina oraingoan amaituta dagoen filmari buruz hitz egingo dute. Gainera, Europako hainbat jaialditan parte hartu duen filma ikusteko aukera ere egongo da.
Jaialdiak haurrekin lan egiteko duen xedea bultzatzeko, hainbat ekimen antolatuko dituzte: epaimahai gaztea osatuko dute, tailer ezberdinak antolatuko dituzte, ikastetxeekin lan egingo dute eta proiekzio bereziak egingo dituzte.