Itxi

Zinema

Zinea

'Zinemaldia 11', Bartzelonako seigarren Euskal Zinema Jaialdia

Erredakzioa

Otsailaren 16tik martxoaren 9ra egingo dute, Euskal Etxean, eta '80 egunean', 'Izarren argia', 'Amerikanuak' eta 'Mystical' eskainiko dituzte, besteak beste.

Bartzelonako Euskal Etxeak ''Zinemaldia 11'' euskal zinemaren seigarren jaialdia egingo du otsailaren 16tik martxoaren 9ra bitartean. Euskal Herrian egindako azken lan zinematografikoak ikusi ahal izango dira bertan. Emanaldiak arratsaldeko zortzietan hasiko dira, jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin, eta sarrera doakoa izango da.

Izarren argia (Mikel Rueda), Sagarren denbora (Txaber Larreategi eta Josu Martinez), Amerikanuak (Nacho Reig), Mystical (Angel Alonso), Ori (Miguel Angel Jiménez) eta 80 Egunean (Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño) lan luzeek eta Kimuak 2010 film laburren katalogoak osatuko dute eskaintza.

Otsailaren 16an Izarren argia emango dute. Gainera, Mikel Ruedak zuzendu eta aktore taldean Barbara Goenaga duen lan honen proiekzioaren ostean, Eduardo Barinaga ekoizleak hitzaldi bat eskainiko du.

Bi egun geroago, otsailak 18, Sagarren denbora dokumentalaren txanda izango da. Txaber Larreategi eta Josu Martinez zuzendariek solasaldia egingo dute gero.

Otsailak 19, larunbata, Kimuak 2010 katalogoan bildutako film laburrak eskainiko dituzte. Amár (Isabel Reguera), Artalde (Asier Altuna), Daisy Cutter ( Enrique García eta Rubén Salazar), Exhibition 19, (Alaitz Arenzana eta María Ibarretxe), La gran carrera (Kote Camacho), Khorosho ( Miguel Angel Jiménez), Un novio de mierda (Borja Cobeaga), Ondar ahoak (Angel Aldarondo) eta El premio (León Siminiani) lanak ikusi ahal izango dira.

Amerikanuak dokumentalaren zuzendariak, Nacho Reigek, otsailaren 23an aurkeztuko du bere lana. Harekin batera Lorea Uresberueta eta Gorka Bilbao izango dira.

Otsailaren 25ean, ostirala, Mystikal Angel Alonsok zuzendutako lana eskainiko dute. Iban Garatek egingo ditu aurkezpen lanak, berak ere parte hartu baitu filmean. Hurrengo egunean, Iban bera Ttaup-ttaup Eneko Dorronsoro zuzendariaren dokumentalaren solasaldian ere egongo da; izan ere, bera izan da lan horren ekoizlea.

Martxoaren 2a Euskal Etxeko euskara ikasleek egin dituzten lanak ikusteko eguna izango da, eta hiru egun geroago, martxoak 5, Miguel Angel Jimenezek Ori aurkeztuko du.


Azkenik, jaialdia ixteko, Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño 80 egunean filmeko zuzendariek bere lana aurkeztuko dute.

&' || 'nbsp;