Zinema
Goya sariak 2011
'Pa negre', Goya sarietan irabazle nagusi
Erredakzioa
Agustí Villarongak zuzendutako filmak bederatzi sari jaso ditu, tartean Zuzendari eta Pelikula Onenarenak.
Pa negre izan da ezusteko nagusia aurten Goya sarietan. Agusti Villarongak zuzendutako lanak 9 goya jaso ditu, Balada triste de trompeta (2) eta También la lluvia (3) faboritoen aurretik geldituta. Buried filmak hiru sari jaso ditu.
Agusti Villarongak zuzendutako lanak irabazi du Pelikula Onenaren Goya Saria, baita Zuzendari Onenarena ere. Gainera, Marina Comas eta Francesc Colomer aktore gazteek Emakumezko eta Gizonezko Aktore Berri Onenarenak lortu dituzte. Laia Marullek falta zitzaion Goya irabazi du, Bigarren Emakumezko Aktore Onenarena. Gainera, Nora Navasek Emakumezko Aktore Onenaren Goya bereganatu du.
Javier Bardemek pronostiko guztiak bete ditu eta Gizonezko Aktore Onenaren Saria irabazi du.
''Sinde legea'' izenaz ezagutu denaren inguruko polemika oraindik baretu ez bada ere, Kultura ministroa, Ángeles Gonzalez-Sinde, Akademiako zuzendariaren, Alex de la Iglesiasen, eskutik sartu zen bart Goya Sariak banatzeko ekitaldia hartu zuen antzokira. Gero, diskurtsoan, "Internet gure zinemaren salbatzailea" dela esan zuen. Kanpoaldean ehunka lagun bildu ziren, Anonymous elkarteak deituta, lege berriaren aurka protesta egiteko.
Galaren unerik hunkigarrienak Pascal Maragallek Bicicleta, cullera, poma (Bizikleta, koilara, sagarra) lanagatik Dokumental Onenaren Goya jasotzera igo zenean izan ziren.
Euskal zinema
Euskal zinemak hainbat sari jaso zituen. Karra Elejalde izan zen Goya saria jasotzen lehena Bigarren Gizonezko Aktore Onenarena hartuta, También la lluvia pelikulan egindako lanagatik. Alberto Iglesiasek ere lan horretarako sortutako musikagatik jaso zuen Jatorrizko Musika Onenaren saria. Maria Reyes Arias gipuzkoarrak Fikziozko Film Labur Onenaren Goya saria irabazi zuen Una cada de botones film laburrarekin.