Zinema
Apirilaren 7ra bitartean
Nazioarteko animazioaren abangoardia, 'Animabasauri 7' jaialdian
Erredakzioa
Italia da herrialde gonbidatua eta Tim Burton eta Pablo Llorensi (plastilinaz egindako lanetan espezialista) buruzko atzera begirakoa egingo dute.
Nazioarteko 30 herrialde ezberdinetako lanek parte hartuko dute apirilaren 7ra bitartean egingo duten Animabasauri jaialdiaren zazpigarren edizioan. Guztira zortzi film lehiatuko dira, laburrak zein luzeak; izan ere, film laburrak ere izango dira aurten sail ofizialean.
Tim Burton eta Pablo Llorensi buruzko bi atzera begirako egongo dira. Azken hau plastilinaz egindako lanetan espezialista da.
Programazioa osatzeko antolatuko dituzten ekimenen artean bi erakusketa aurkitzen dira: Tim Burtonen ''Andregai hilotza'' filmeko marrazkiei buruzkoa bat eta ''Chico y Rita'' filma egiteko Javier Mariscalek sortu zituen irudiei buruzkoa bestea.
Edizio honetan herrialde gonbidatua Italia izango da Hango lan ugari erakutsiko dituzte animazioak bertan izan duen eboluzioa ezagutu ahal izateko.
Hitzaldi, tailer eta profesionalen arteko topaketak egingo dituzte programazioa betetzeko. Jaialdia Basaurin oinarrituko da baina Bilbora ere iritsiko da.