Itxi

Zinema

Elkarrizketa

Koldo Serra: 'Ezer ez da dirudiena ‘70 binladens’ filmean'

Natxo Velez | eitb.eus

Bizkaitar zuzendaria ‘70 binladens’ erakusten ari da zinema-aretoetan, “lapurreta armatua duen thriller bat, ikusleekin jolasten dena”.

  • Koldo Serra

    Koldo Serra presenta "una película con atraco" rodada en Bilbao

Bosque de sombras (2006) eta Gernika (2016) estreinatu eta gero, Koldo Serra bizkaitar zuzendariaren izenak gero eta oihartzun handiagoa du zinemagintzan, eta martxoaren 8an 70 binladens estreinatu zuen, besteak beste Emma Suarezek, Nathalie Pozak, Hugo Silvak eta Barbara Goenagak osatzen duten aktore talde batek inguratuta.

Bilbon EiTBren parte-hartzearekin filmatutako pelikulak Raquelen (Emma Suárez) istorioa du kontagai: emakumea estu eta larri dabil, 35.000 euro (500 euroko 70 billete edo binladen, horrela esaten baitiete billete horiei denok ezagutzen ditugulako baina inork ez dituelako ikusi) bildu behar dituelako, eta, mailegua lortzekotan denean, lapurreta armatua egingo dute banketxean, bera barruan dela.

Serrarekin hitz egin dugu, bere esanetan, ikusleari gidoiaren aurretik joateko erronka botatzen dion filmaz.

Zer erantzun izan duzue pelikula zinema-aretoetan estreinatu eta gero?

Egia esan, erantzunak zoragarriak izan dira. Filma gustura ikusi duten ikus-entzule askoren mezuak iritsi zaizkigu sare sozialen bidez. Hori bai, lehen asteburua gogorra izan da, Capitana Marvel eta Eastwooden Mula izan baititugu lehiakidea.

Baina astean zehar goraka egin dugu. Antza, aste barruko ikusleentzako filma da gurea.

Nolako pelikula da ’70 binladens’?

Nik beti definitzen dut lapurreta armatua duen thriller gisa. Ikus-entzuleekin jolasten gara, eta ezer ez da dirudiena. Gainera, esango nuke filmaren alderik interesgarrienetakoa dela “lapurreta baten inguruko pelikula” izanda ere protagonista ez dela lapurra, ezpada gatibu hartuta daudenetako bat.

Gatibu oso berezia da, gainera, filmak aurrera egiten duen heinean ikusiko dugunez; izan ere, lapurrek bezala, dirua hartuta, izenburuko 70 binladenak aldean dituela, irten behar da bertatik.

Zertan aldatu duzue jatorrizko gidoia, sortze eta filmatze lanetan?

Egia esan, ez dugu asko aldatu. Sei urtez egon naiz filma “prestatzen”, eta oso argi nuen. Urte horietan, jatorrizko gidoiaren gauzatxoren bat aldatu dugu, noski, baina ez da izan istorioan eragin handirik zuen ezer. Istorioaren oinarria eta egitura bat izan da hasieratik.

Javier Felix Echanizek, Asier Guerricaechevarriak eta Juan Antonio Gil Bengoak ‘70 binladens’erako idatzi zuten gidoitik, zerk erakarri zintuen?

Asko gustatu zitzaidan bi protagonisten pertsonaiak zein ondo deskribatuta zeuden, baita gidoiak proposatzen zituen jolas guztiak, gorabehera guztiak, eta irakurtzeko oso dibertigarria zela.

Iruditu zitzaidan filmatzeko ere oso dibertigarria izango zela, eta, lehen esan dizudan bezala, ikusleak ere gozatuko zuela gidoiari aurrea hartu nahian, nahiz eta ez lortu.

Zergatik ezin izan zen proiektua 2011n burutu eta orain bai?

2011n hasi ginen mugitzen, apurka-apurka, baina nire bizitzan Gernika agertu zen, eta dena gelditu zen. Gernika sortu, filmatu eta estreinatu genuen, eta horren itzalak azkartu zuen 70 binladens ekoizteko prozesua.

Gernika egin eta bi urtera filmatu eta estreinatu da aretoetan 70 binladens.

Maila estetikoan, atrakuen film kanonikoen epikotasunetik aldendu zara, eta nolabaiteko ukitu kostunbristez jantzi duzu filma. Zer elementu erabili dituzu horretarako?

Bertoko ikusleek ulertzeko moduko film bat egin nahi genuen, sinesteko bezain gertukoa izan zedin. Estatubatuar filmak ikusten ditugunean, asko eta asko ikusi ditugulako eta beren barne mekanismoak nola dabiltzan badakigulako ulertzen ditugu, baina zail egiten zaigu pertsonaiekin enpatia sentitzea.

Pelikula Bilbon gertatzea nahi nuen, Santutxuko Haro plazan, eta “etxeko” lapurreta armatu bat izan zedila, gaur egungo filmek eta telesailek erakusten dituztenak baino sinpleagoa izatea, ez horren “teknologikoa”.

Eta, Bilbo horren erakusgarri, Bonzos eta Belako entzun daitezke eta Athletic ageri da.

Bai, Belakoren eta Bonzosen oso zalea naiz. Jonan, Hugo Silvaren pertsonaia, entzuten ari den taldea Bonzos da. Belakori dagokionez, pelikularekin dudan erlazio emozionala sakonagoa da, preprodukzioa egin nuen garai osoa Belakoren azken-aurreko diskoa, Hamen, entzuten igaro bainuen, eta oso argi nuen “Mum” kantua pelikulan atera behar zela.

Bi taldeekin harremanetan jarri nintzen, eta atsegin handiz onartu zuten binladen familia osatzea. Filma ikusita, poz-pozik daude, eta ezin naiz zoriontsuagoa izan.

Athleticena garrantzitsua zen, Kopako partida handi baten ondorioz dena gelditzen den une kostunbrista hori erakusteko. Oso ondo funtzionatzen du ikusleekin, eta barre asko egiten dute une horretan.

Nola lortu duzu ikuslea istoriotik ez aldentzea, filmaren % 85 toki berean gertatzen dela kontuan izanda?

Niretzat, oso garrantzitsuak dira eszenaratzea eta kameraren narratiba, batik bat horrelako film batean, istorio osoa espazio berean gertatzen baita. Oso lagungarria izan zen kronologikoki filmatzea, horrela, aktoreen acting-a eta arku emozionala kontrolatu ez ezik, erritmo eta tentsio aldetik nola zihoan ere ikus bainezakeen editatzean.

Halaber, filmeko egoera askotan umorea sortzen da, ez horrenbeste txisteen edo elkarrizketen bidez, eta ikusleak filmean nagusi den tentsioa apurtzeko aukera izaten du horiei esker.

Gure iruditerian horrelako istorio eta paperetara lotuta ez dauden bi aktore erabili dituzu. Nola deskribatuko zenituzke Nathalie Pozaren eta Emma Suarezen interpretazioak?

Hori oso garrantzitsua zen niretzat. Batetik, Suarezen eta Pozaren mailako bi aktoretzar nahi nituen; bestalde, adin jakin bat izatea nahi nuen, “bizitzak gainez egin dien” bi emakumeri buruz ari garela kontuan izanik; eta, azkenik, oso argi nuen genero horretan sekula lan egin gabe zeuden bi aktore nahi nituela, ikusleek ez ditzaten pertsonaia molde honekin lotu. Hain zuzen ere, horrek erakarri zituen biak beste ezerk baino gehiago.

Esan gabe doa gauza onak soilik esan ditzakedala beraiei buruz: interpretazioaren bi munstro dira, eta, gainera, bi pertsona zoragarri. Laguntzat har ditzakedala uste dut, eta beraiekin beste askotan lan egin nahiko nuke.

La casa de papel telesailaren hirugarren eta laugarren denboraldian ari zara lanean. Zer alde daude egun zinemarako eta telebistarako ekoizpenen artean?

Telebista oso interesgarria egiten ari da, nire ustez, azken urteetan, duela ez horrenbeste egiten zena baino askoz kalitate eta aurrekontu handiagokoak. Maila guztietan egin da hobera, gainera; gidoietan, ekoizpenetan eta interpretazioetan.

Ni oso gustura ari naiz bi lanetan… Alde handiena filmatzeko denboran egon liteke; izan ere, zineman askoz denbora gehiago izaten duzu laurogeita hamar minutuko istorio bat filmatzeko, eta telebistan, ostera, hamar egunean filmatzen duzu berrogeita hamar edo hirurogei minutuko istorioa.

Hori bai, telebistan espazio handiagoa izaten duzu istorioen nondik norakoak eta pertsonaien arkuak garatzeko. Oso eroso egoten naiz bi aldeetan.