Itxi

Zinema

Hiru filme eta bi saio labur

Javier Bardem, Stephen Kingen 'The dark tower' sagaren protagonista

Erredakzioa

Ikus-entzunezko proiektu erraldoi honen protagonista izateko Oscar sarien irabazlea hautatu du Ron Howard zinema ekoizleak. Lehenengo filmea 2013ko maiatzerako aurreikusi dute.

Stephen Kingek idatzitako The dark tower literatura sagaren protagonista izango da Javier Bardem aktorea. Ron Howard zinema ekoizlearen eskutik, ius-entzunezko proiektu bat gauzatuko dute, AEBetako zenbait komunikabideek jakitera eman dutenez. Howardek Dan Brown idazlearen Da Vinci Code eta Angels and Demons pelikulak ekoiztu zituen. Iturriek baieztatu dutenez, baliteke aktore espainiarrak proiektu honen parte-hartzea berrestea.

Mendebaldeko urrunari buruzko Stephen King idazlearen ikuspegi bitxia izango du hizpide saga honek, idazle honen unibertso magikoaren terrorearen eta western filmeen elementuak uztartuko baititu.

Lord of the rings sagarekin alderatu dute proiektu hau. Bertan, Roland Deschain pertsonaia egingo du Bardemek. Deschain gaiztagina da eta bere bizitza osoa eman du Dorre Iluna bilatzen. Azkenean, zibilizazioa salbatzeko azken aukera bihurtuko da.

Guztira, hiru pelikula eta telebistarako hiru saio labur ekoiztuko dituzte eta iturriek zabaldu dutenez, lehenengo filmea 2013ko maiatzerako espero dute. Gainera, The dark towerren bideojokoa ere egingo dute eta Kingek berak parte hartuko duen komikia ere kaleratuko dute.