Itxi

Zinema

Film laburrak

Kimuak katalogoko zazpi filmak aukeratu dituzte

eitb.eus

Film laburren aukeraketaren aurtengo uztan zinemagile ezagunak daude, hala nola Raul de la Fuente, Izibene Oñederra, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga.

  • 'Leyenda dorada'

    'Leyenda dorada' Ion de Sosaren film laburra Kimuaken sartu da, Berlinalen erakutsi eta gero

Epaimahaiak aurten Kimuak film laburren katalogoa osatuko duten pelikulak aukeratu ditu, gaur iragarri dutenez: Artiko (Josu Venero eta Jesus Mari Lazkano), El Infierno (Raúl de la Fuente), Labo (Jesus Maria Palacios), Leyenda Dorada (Ion de Sosa eta Chema García Ibarra), Lursaguak (Izibene Oñederra), Mateoren ama (Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga) eta Medvedek (Ainhoa Gutiérrez del Pozo).

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak antolatu du, Etxepare Euskal Institutuaren bitartez eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin, Kimuak programaren 22. edizioa, eta epaimahaia hauek osatu dute: Carlos Plaza Donostia Kulturako Zine Unitateko teknikaria; Carmen Serrano Andaluziako Juntako ‘Cortometrajes Andaluces’ film laburren sustapen katalogoko koordinatzailea; Garbiñe Ortega Punto de Vista zinemaldiko zuzendari artistikoa eta Zineleku ikus-entzunezko prestakuntza, ekoizpen eta emanaldiak egiteko proiektuko zuzendaria; Roberto Barrueco Bartzelonako MECAL Nazioarteko Film Labur eta Animazio jaialdiko zuzendaria; eta Ruth Pérez de Anucita Donostiako Zinemaldiko Komunikazio arduraduna eta Zuzendaritza Batzordeko kidea.

Fikzioa, zientzia-fikzioa, animazioa eta forma ezberdinetako dokumentalak jasotzen ditu, eta, hizkuntzei dagokienez, filmetako bi euskara hutsean daude, beste bat euskaraz eta gaztelaniaz, bi gaztelaniaz eta bat ingelesez. Lursaguak (Escenas de vida) Izibene Oñederraren filmak, animaziozkoak, ez dauka elkarrizketarik.

Artiko dokumentalak Jesus Mari Lazkano margolari bergararrak Svalbard artxipelagora egindako bidaia erakusten du. Lazkanok Josu Venero () zuzendari eta ekoizle bilbotarrarekin batu ditu indarrak ikus-entzunezko hau egiteko eta Xabi Payaren hitzekin osatu dituzte grabatutako paisaiak.

El infierno-n Raúl de la Fuente iruindar zuzendariak (Goya sariaren irabazlea) Sierra Leonara darama ikuslea, eta Chennuk kaleko umearen istorioa kontatzen dio: Pademba Road, Freetowneko helduentzako kartzelan sartu zuten, eta infernu horretara itzuli nahi du.

Labo Jesus Maria Palaciosen filma Tarragonako Francisco Franco Unibertsitate Laborala izan zenaren erretratu arkitektoniko, zinematografiko eta politikoa da.

Ion de Sosa eta Chema García Ibarra zinemaldi zirkuituan aski ezagunak diren egileek Leyenda dorada zientzia-fikzioa osatu dute: 16mm-an grabatua, udako egun batean Montánchez (Cáceres) herriko udal igerilekuan ematen diren elkarrizketak eta gertakariak jasotzen ditu, kostunbrismoa eta umorea uztartuz.

Hélène Cixousek zioen moduan, inoiz ezagutu ez den espezieko milioika lursagu, milaka urteko kulturaren oinarri kontzeptuala, birrintzen ari diren garai horretantxe bizi gara. Kontzeptu honi helduta, Izibene Oñederra egileak "animazio indartsua" eraiki du Lursaguak (Escenas de vida) filmean.

Izibene Oñderrak hirugarren aldia du Kimuak katalogoan

Mateoren ama Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren fikziozko draman, denboraldi batez ama ikusi gabe egon den Angel Marik indarrak hartu eta hura dagoen zahar-etxera bisitan joatea erabakitzen du. Gogorra egiten zaio ama horrela ikustea: seme-alabak ezagutzen ez dituen amona baten moduan.

Ainhoa Gutiérrez del Pozo zuzendariaren hirugarren film laburra da Medvedek dokumentala. Jatorri esloveniarreko bi hartz emeren etorrerak nafar Pirinioko paisaian nola eragiten duen aztertzen du.