Zinema
Txinan
Hiru euskal film labur Shenzengo zinema jaialdian lehiatuko dira
Erredakzioa
Jugando con la muerte, Todo es maybe eta El tren de las moscas New Media Movie Television Animation 'King Bonn' jaialdian eskainiko dituzte.
Maiatzaren 14a bitartean egiten ari diren Shenzengo 2. New Media Movie Television Animation ''King Bonn'' jaialdian hiru euskal film labur lehiatuko dira. Jugando con la muerte, Todo es maybe eta El tren de las moscas ikus-entzunezko ekitaldi entzutetzu honetan parte hartzeko aukeratu dituzte, horretarako aurkeztu ziren 2.313 film laburren artean. Asteburu honetan lan hauen zuzendari eta Banatu Filmak banatzaileko hainbat kide txinara joango dira jaialdian parte hartzeko.
Paul Urkijok fantasia eta umorea nahastu ditu Jugando con la muerte egiteko. Sitges edo Amsterdamgo jaialdi ezagunetan aurkeztu zuten lan honek hainbat sari lortu ditu Cortada (Gasteiz), Umorea labur (Arrigorriaga), Envideo (Cáceres) eta Guardiako jaialdietan.
El tren de las moscas Fernando López Castillo gasteiztarrak eta bartzelonako Nieves Prietok zuzendutako lana da. Parisen aurkeztu zuten lan hau Ronda (Malaga), Benavente (Zamora) eta La Lagunan (Tenerife) saritu dute, besteak beste.
Asier Urbieta donostiarra New Yorkera joan zen Todo es maybe film laburra grabatzera. Amurrioko Begibistan eta Gran Kanariako Dunas jaialdietan saritu dute eta Maril (Maroko), Tallinn (Estonia) eta Tiranako (Albania) jaialdietan saritua izan da.
Banatu Filmak 2010ean sortu zuten film labur banatzailea da. Bere ibilbide laburrean jaialdi eta nazioarteko ikus-entzunezko merkatu ezberdinetan parte hartu du.