Publizitatea
Itxi

2019/10/10

16:44

Zinema

Azaroak 8

Claire Simon frantses zinemagileak jasoko du Zinebiren beste Ohorezko Mikeldia

Agentziak | Erredakzioa

Zinema dokumentalaren eta film laburren Bilboko jaialdiak Márta Mészáros hungariar zinemagilea ere omenduko du. Simonek azaroaren 8an jasoko du saria, inaugurazio galan.

  • Claire Simon

    Azaroaren 8an jasoko du Ohorezko Mikeldia Claire Simonek

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Zinebi Bilboko Udalak antolatzen duen Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak Claire Simon zinemagile frantsesari emango dio 61. edizioko bigarren Ohorezko Mikeldia, "Europako zinema garaikidearen lengoaia eta narrazio eta estetika formak goitik behera berriztatzeko egin duen apustua" aintzatesteko.

Jaialdiko inaugurazio ekitaldian jasoko du saria Simonek, azaroaren 8an, 20:00etan, Bilboko Arriaga antzokian, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Etnologia ikasketak egin eta arabiera eta bereberera ikasi ondoren, Claire Simon (Londres, 1955) antzezle, argazkilari, gidoilari, muntatzaile eta zinemagilea modu autodidaktan hasi zen zinemagintzan.

Lehenengo film laburra Madeleine (1976) izan zen, eta haren ondoren etorri ziren Tandis que j'agonise (1980) eta Moi, non où l'argent de Patricia (1981).

Denbora gutxira, "zinema zuzena" delakoa ikasi zuen Jean Rouchek sortutako Varan lantegietan, eta zenbait film luze dokumental zuzendu zituen, besteak beste, Les patients (1989), Coûte que coûte (1995) eta Recréations (1998). Lan horiekin zenbait sari lortu zituen nazioarteko hainbat zinemalditan.

Sinon, oui (1997) fikziozko bere lehen film luzea Cannesko Zinemaldiko Quinzaine des Realisateurs atalean proiektatu zen. Bere hurrengo lana dokumentalaren eta fikzioaren arteko nahasketa dugu, Ça c'est vraiement toi (2000), Europar Parlamentu barruan filmatu zuena eta Belforteko (Frantzia) Nazioarteko Entrevues Zine Jaialdiko Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuena.

Horren ostean, zine dokumentalera itzuli zen 800 kms de différence / Romance (2000) eta Mimi (2003) lanekin, eta biak Berlinalen aurkeztu zituen.

Ça brûle (2006) fikziozko bigarren film luzeak ere Cannesko Quinzaine atalean hartu zuen parte.

Berriro ere dokumentalaren eta fikzioaren arteko lanetara itzuliz, 2008an Les bureaux de Dieu zuzendu zuen, eta berriro hartu zuen parte Quinzaine atalean.

2008 eta 2013 artean asmo handiko fikziozko proiektu batean hartu zuen parte, Geographie humaine eta Gare du Nord lanek osatutako diptikoan, hain zuzen ere.

2014an Frantziako officier des Arts et des Lettres izendatu zuten, eta Le concours film luze dokumentala egin zuen. Lanaren argumentuaren oinarri  dira berak irakasle gisa lan egin zuen La Femis ikus-entzunezko prestakuntza zentro ospetsuan ikasle gisa sartzeko hautagaien aukeraketa probak. Filmak Veneziako Nazioarteko Zinemaldiko Dokumental Onenaren Saria lortu zuen urte berean, eta Zinebiren 58. edizioko lehiaketatik kanpoko Beautiful Docs atalean ere hartu zuen parte.

2018an, Berlinaleko 68. edizioko Forum sekzioan estreinatu zen Premières solicitudes dokumentalarekin, gaur egungo nerabeei dagozkien ohiko lekuak eta klixeak zalantzan jartzen dituen erretratu dibertigarri eta maltzurra. Bere filmografiak, orokorrean, "oso estilo eklektikoa eta hibridoa du, eta nabarmen erakusten du genero desberdinen arteko forma aldeko edozein oztopo mota gainditu beharra".

Aurten, ordu erdiko 18 kapituluk osatzen duten Le village serie dokumentala egiteko lanak amaitu ditu. Zine dokumentalaren eta nekazaritzaren arteko erlazioari buruzko suspentsezko filma da, Frantziako Ardèche lurraldeko herri txiki batean girotua. Zinebin aurkeztuko du, eta, horrez gain, zinemagileak klase magistral bat emango du bere jakin-minari, sorkuntza-prozesuari eta zine garaikideari buruz duen ikuspegiari buruz, jendearentzat irekita, jaialdiaren lehenengo asteburuan, Bilboko Arte Eder Museoan.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena