Itxi

Zinema

Estreinaldiak

'X-Men: Primera generación' eta '¡Qué dilema!', zinema-aretoetara

Erredakzioa

'La doctrina del shock' kapitalismo basatiari kritika egiten dion lana eta 'El árbol' eta 'En la estela de la noche' zintak ere estreinaldien artean ditugu.

Aste honetan X-Men: Primera generación dugu estreinaldi nagusia zinema-aretoetan. Superheroi talde ezagunaren jatorrian oinarritzen da X-Men sagaren bosgarren atal hau. Zinema-aretoetako lehian, aurrean izango du Vince Vaughnen íQué dilema!, baldarkeriaz betetako komedia. La doctrina del shock kapitalismo basatiari kritika egiten dion lana eta El árbol eta En la estela de la noche zintak ere estreinaldien artean ditugu.

Sagaren aurreko atalek baino bataila gutxiago eta hausnarketa gehiago proposatzen digu X-Men: Primera generación lan berriak. Oraingoan denboran atzera egingo dugu, protagonisten arteko harremanaren hasierako garaietara itzultzeko. James McAvoy eta Michael Fassbender aktoreak ditugu protagonista, Michael Vaughn zinemagileak zuzenduta. Magneto gaztearen papera egiten du Fassbenderrek, eta Ongiaren eta Gaizkiaren arteko borrokari egin beharko dio aurre, McAvoy aktorearen Charles Xavier pertsonaia alboan duela. Mística (Jennifer Lawrence) ere ageri da pelikulan, oraindik Raven deitzen zioten garaian. Beast (Nicholas Hoult) eta aurreko pelikuletan agertu ez ziren Marvel komikietako beste pertsonaia batzuk ere aurkituko ditugu lan berri honetan, tartean Banshee eta Riptide (Alex Gonzalez aktore espainiarrak gorpuztu du azken hori).&' || 'nbsp; 60ko hamarkadan, CIAk Xavier eta Eric Lehnsherr deituko ditu, AEBen eta Sobietar Batasunaren arteko gerra ekiditeko helburua izango duen armada sor dezaten.

Gezurrak, irriak eta gaizki-ulertuak dira íQué dilema! komediaren oinarriak. Ron Howard zinemagileak zuzendu du, eta Vince Vaughn dugu bertan protagonista. Ronnyk (Vaughn) bere lagun onenaren emaztea beste gizonezko batekin harrapatu du. Bere lagunari dena kontatu beharrean, ikerketa narras bati ekingo dio, eta Nickek ere sekretuak gordetzen dituela aurkituko du.

Michael Winterbottom zinemagile ingelesak zuzendu du La doctrina del shock dokumentala. Naomi Klein kazetari eta ikertzailearen izen bereko saiakeran oinarritzen da lana, eta kapitalismo basatia gertutik ezagutzeko aukera ematen digu. Krisi garaiak aprobetxatuz, gobernuek merkatu librearen aldeko erreformak garatzeko eta aberastasun iturriak agortzeko erabilitako estrategiak salatzen dira bertan.

Charlotte Gainsbourg aktorea dugu protagonista Julie Bertuccelli zinemagilearen El árbol azken pelikulan. Our father who art in the tree Judy Pascoe idazlearen eleberrian oinarrituta, drama eta samurtasuna uztartzen ditu filmak. Senarraren heriotza kolpe latza izan da Dawn (Gainsbourg) protagonistarentzat; baina Simone (Morgana Davies) alaba ohartu da bere aitak hitz egiten jarraitzen diola, lorategiko zuhaitz bateko hostoen bidez.

Markus Welter zinemagileak zuzendu du En la estela de la noche, gizakiaren sen zakarrenak aireratzen dituen filma. Beren arazo guztiak konpontzeko, etorkizunik gabeko hiru lagunek biderik laburrena aukeratuko dute: banku batean lapurreta egitea. Baina, ustekabean, odolez eta indarkeriaz betetako ihesaldiari ekin beharko diote.