Zinema
Zinema eta musika
Fermin Muguruza, Mexikoko unibertsitatean irakasle
Erredakzioa
Ekainean, musika dokumentalen inguruko hainbat ikastaro eskainiko ditu Mexikon.
Hilabete honetan, Fermin Muguruza irakasle izango da Mexikon, Ensenada eta Mexicali Behe Kaliforniako hirietako unibertsitateetan.
Musika dokumentalen inguruko zenbait eskola emango ditu, eta ikus-entzunezkoen arlo honetan irundarrak egindako lanaren erakustaldia ere izango da bertan. Euskal Herria Jamaika Clash diskoaren ekoizpen prozesua jasotzen duen Bass-que Culture filma aztertzeaz gain, Palestinan road-movie formatuan egindako Checkpoint Rock pelikularen nondik norakoak ere azalduko ditu euskal musikariak.
Dokumentalen ekoizpena eta zuzendaritza jorratzeko ikastaroetan ere arituko da Muguruza, Al Jazeera katearentzat ekoiztutako dokumentalak oinarri hartuta. Guztira, arabiar herrialdeetako soinu mapa osatzeko 11 film egin zituen, gerora bertan izango ziren matxinaden aurreko egoera erakusten zutenak.
Horrez gain, eta bigarren urtez jarraian, Fermin Muguruza arduratuko da ''Suena mi Pueblo'' musika dokumentalaren sailaren programazioaz, DOCSDF Mexiko Hirian irailean egiten duten Film Dokumentalen Jaialdiak eskatuta.