Zinema
Estreinaldia, ostiralean
Inmigrazioa mundu sinbolikoan, 'Hondoratzea' Pedro Aguileraren filmean
Erredakzioa
Ginea Bissauko etorkin bat da pelikulako protagonista, eta ''jendea sailkatzeko dugun modu sinplista'' du lanak oinarri. Ramon Barea, Kandido Uranga eta Iñake Irastorza aktoreek ere hartu dute parte.
Pedro Aguilera Donostiako zinemagileak Hondoratzea bere bigarren filma estreinatu du. Bilbo, Madril, Bartzelona eta Gasteizeko zinema-aretoetan dago lana ikusgai.
Robinson izeneko Afrikako gizonezko baten istorioa kontatzen digu (Robinson Crusoe eleberriko protagonistaren izena du pelikulako protagonistak ere). Almeriako kostaldera iritsi berri da protagonista, paterak izandako hondoratzearen ostean. Almeriatik penintsula iparraldera egingo du Robinsonek bidaia, ezagutzen ez duen gizonezko bat hil eta, horrela, bere arbasoen espirituak baretzeko.
Solo Touré Ginea Bissauko etorkina da pelikulako protagonista, eraikuntzan lan egiten zuen 25 urteko gizonezkoa. Filmaketa bukatuta, bere jaioterrira itzuli da Solo Touré. Ramón Barea, Kandido Uranga eta Iñake Irastorza euskal aktoreek ere hartu dute parte filmean.
''''Jendea sailkatzeko dugun modu sinplista'''' du pelikulak oinarri. Pedro Aguilera (Donostia, 1977) zinemagileak aurkezpenean azaldu duenez, ''''lanak ez du irakurketa bakarra, baina izan lezake baten batentzat. Espainiara iritsi eta tipo bat hiltzen duen gizonezko beltz baten istorioa izan liteke hau norbaitentzat'''', esan du zuzendariak.
Jendea sailkatzeko erabili ohi dugun modua kritikatu nahi izan du zinemagileak. ''''Kaletik gizonezko beltz bat ikusten duzunean, etorkina dela pentsatzen duzu; gorbatadun tipo bat ikustean, berriz, bulegaria dela. Gauzak eta jendea gehiegi sailkatzeko ohitura dugu, modu sinplista batean gainera'''', esan du zuzendariak. ''''Pelikula egiterakoan planteatu nahi nuena zen etorkin bat ez dela zertan hona etorkizun hobe baten bila datorren tipo bat izan behar'''', gaineratu du.
Zinemagilearentzat, Hondoratzea ez da inmigrazioari buruzko pelikula bat, ezta ''''errealismo soziala'''' jorratzen duen lan bat ere. Aguilerarentzat, protagonista ez da gizonezko beltz bat, ikono edo abstrakzio bat baino.
Aguileraren bigarren lana da Hondoratzea, La influencia bere lehengo film luzearen ondoren. Zinema munduan zuzendari laguntzaile gisa hasi zen: A ciegas lanean, Daniel Calparso zuzendariarekin, eta Intacto pelikulan, Juan Carlos Fresnadillorekin.