Itxi

Zinema

Martxoak 2-7

‘Zumiriki’ Oskar Alegriaren filmak inauguratuko du Punto de Vista jaialdia

eitb.eus

Jaialdiak Ute Aurand, Renate Sami, Helga Fanderl eta Jeannette Muñoz zinemagileen lanari eta zinemak itsasoa irudikatzeko izan duen moduari begiratuko die.

  • Oskar Alegria, "Zumiriki"

    Venezian aurkeztu zuen Oskar Alegriak "Zumiriki"

2020ko martxoaren 2tik 7ra, Punto de Vista jaialdiaren 14. edizioak berriro bilduko ditu Iruñean ez-fikzioko zinemagintzako profesionalak eta zaleak. Jaialdiaren antolatzaileek programazioaren lehen xehetasunak eman dituzte.

Oskar Alegria arduratuko da aurtengo edizioa inauguratzeaz, ‘Zumikiri’ bere azken lanaren bidez. Veneziako Mostraren azken edizioan estreinatu zen, eta Las Nuevas Olas - No_Ficción saileko film onenaren saria irabazi du Sevillako Nazioarteko Zinema Jaialdian. Film horretan, egurrez eginiko txabola batean bizitzen ikusiko dugu zinemagile nafarra, bere haurtzaroko Arga ibai ondoko basoaren erdian memoria formaz eraikitako etxola batean.

Alegria bakar-bakarrik egon zen txabola horretan lau hilabetez, izadiarekin harreman estuan. ‘Zumikiri’ euskal hitz zahar bat da, ‘ibai erdiko irla’ esan nahi duena.

Bestalde, lau emakumeren lana errepasatuko dute Punto de Vistan: Ute Aurand (Frankfurt, 1957), Renate Sami (Berlin, 1935) eta Helga Fanderl (Ingolstadt, 1947) alemaniarrak eta Jeannete Muñoz (Santiago, 1967) txiletarra. Lau emakumeon lana 80ko hamarkadako abangoardismoaren eta zine esperimentalaren barnean koka daiteke.

Halaber, ‘An Oceanic Feeling’ atzerabegirakoak itsasoa zinema dokumentalean irudikatzeko moduak erakutsiko ditu.