Itxi

Zinema

Film laburrak

Fikzioa, dokumentala eta animazioa, Kimuak 2011ko protagonistak

Erredakzioa

Bederatzi film laburrek osatzen dute Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Etxepare Institutuak eta Euskadiko Filmategiak sustatutako programaren hamalaugarren edizioa.

Aurkeztutako 64 film laburretatik bederatzi lan hauek aukeratu dituzte Kimuak programaren katalogo berrirako: Bucle (Aritz Moreno), La calma (David González), La casa del lago (Galder Gaztelu-Urrutiak), Coptos (Álvaro Sau), Lagun mina (Jose Mari Goenaga), La media pena (Sergio Barrejón), Muy cerca (Iván Caso), She''s lost control (Haritz Zubillaga) eta Zeinek gehiago iraun (Gregorio Muro).

Aurtengo katalogoak hiru genero zinematografiko nagusien itzulera erakusten duela nabarmendu dute antolatzaileek: fikzioa, dokumentala eta animazioa. Bi film labur zuri-beltzean eginda daudela eta beste bitan offeko ahotsak garrantzi handia duela azpimarratu dute.

Emiliano Allende Medina del Campoko Zinema Astearen zuzendaria, Josemi Beltrán Donostia Kulturako Zinema Unitatearen zuzendaria, Esperanza Luffiego Tabakalerako Ikus-entzunezkoen arduraduna, Pilar Martínez-Vasseur Nanteseko Unibertsitateko (Frantzia) irakasle eta Rencontres du Cinéma Espagnol Nanteseko ekimenaren Zuzendaritza Batzordeko kidea, eta Edurne Ormazabal eitb.com-eko zuzendaria izan dira aurten epaimahaian. Deialdira aurkeztu ziren 64 film laburretatik bederatzi aukeratzea erabaki zuen, aurreko urtean bezala.

Urtero bezala, film laburrak Donostiako Zinemaldian aurkeztuko dituzte, irailean, emanaldi pribatuan, eta ondoren herrialdeko eta nazioarteko zinemaldietan egingo dute ibilbidea.