Zinema
Uztailaren 30era arte
Musika eta film laburrak kalean, Gasteizko Korterraza jaialdian
Erredakzioa
Asteazkenetik aurrera, zinemaz gozatzeko aukera izango da Andre Maria Zuriaren plazan. Aurten 34 lan izango dira lehian, eta, ostegunean, Arabako film laburrak izango dira eguneko protagonistak.
Asteazken honetan hasiko da Gasteizko Korterraza film laburren jaialdia, eta, lau egunetan zehar, 34 film labur eskainiko dituzte Arabako hiriburuko Andre Maria Zuriaren plazan. Zinemaz gain, musikaz gozatzeko aukera egongo da, kalean.
Lehen eguneko egitaraua 19:30ean hasiko da, sorpresaz betetako inaugurazio batekin. Antolatzaileek argazki kamera eramateko deialdia egin dute, joko berezi batean parte hartzeko.
Jarraian, musikaren txanda izango da, Mamafunko funk taldearen eskutik. Kantu propioak jotzeaz gain, besteak beste, James Brown eta Stevie Wonder musikari handien doinuak ere eskainiko dituzte.
21:00etan hasiko da film laburren emanaldia. Bigarren edizio honetan 34 lan arituko dira lehian, eta horietatik zortzi izango dira lehen egunean ikusgai: Yo soy de amor, A ó B, Gran Vía, L''Analéme, G, Striptease, El Chola eta Road Movie.
Aurten lehen aldiz, Publikoaren Saria emango dute, eta ikusleek gustukoen duten film laburren aldeko botoa emateko aukera izango dute, posta elektroniko bidez (korterrazza@gmail.com), eta bertan jarriko duten kutxa erabilita. Botoa ematen dutenen artean bi lagunentzako bazkari bat zozkatuko dute.
Osteguna, ''Made in Araba''
Arabako film laburren eguna izango da osteguna, bertako lau egileren lanak izango baitira bihar ikusgai: Daissy Cutter (Enrique García eta Rubén Salazar), Uxue (Aitor López de Aberásturi), Lucía (Beñat Fontaneda) eta Jugando con la muerte (Paul Urkijo).
Beste bost film ikusteko aukera ere egongo da: Nadie tiene la culpa, Cama blanca, Todo lo que sube, The astronauta of the roof eta El descenso.