Itxi

Zinema

Bigarren jardunaldia

Madonna eta Polanski, protagonista Veneziako Mostran

Erredakzioa

Abeslari ezagunak 'W.E.' bere bigarren lana aurkeztu du, lehiaketaz kanpo. Sail Ofizialean, berriz, Polanskiren 'Carnage' lana izan da proposamena.

00:40
Madonna eta Polanski, ostegun honetako izarrak Veneziako Mostran

Madonna abeslari estatubatuarra Veneziako Mostran izan da, zuzendari gisa egin duen 'W.E.' bere bigarren lana lehiaketaz kanpo aurkezteko. Emakumeen askatasunaren aldeko lana egin du oraingoan 'Poparen Erregina'k, Wallis Simpson emakume estatubatuarraren eta Eduardo VIII.a erregearen arteko maitasun istorio oinarri hartuta. 1936an erregetza utzi zuen azken honek, maitasun horren alde.

Madonnak zuzendutako azken lan honetan XX. mende hasierako Ingalaterratik egungo New York hirira egingo dugu etengabe salto, aldi berean bi istorio ezagutzeko: Wallisen eta Eduardoren arteko maitasun istorioa alde batetik eta New Yorkeko neska gazte baten istorio bestetik. Emakumeen borrokaren isla izango da azken hau ere.

''Simpsonekin identifikatzen naiz. Pertsonak famatu egin edo ikono bihurtzen dira, eta soinu bakar batera mugatzen dituzte. Gero horri hainbat gauza egozten dizkiote. Bere garaian ez zuten Wallis Simpson ulertu'', esan du abeslariak pelikularen aurkezpenean. ''Wallisek aurkitu zuen munduan edertasuna zen nagusi, baina baita gainbehera ere. Hori berau azpimarratu nahi nuen: edertasunak ez duela zertan zoriontasuna bermatzen'', gaineratu du.

Madonnak piztu duen ikusminaren aurrean, Roman Polanskiren falta ere somatu da ostegun honetan Venezian, zuzendari bertan ez bazegoen ere, zinemagilearen 'Carnage' azken lana aurkeztu baitute Sail Ofizialean. Yasmina Rezaren antzezlan ezagunean oinarrituta dago filma, eta Jodie Foster, Kate Winslet, Christoph Waltz eta John C. Reilly dira bertan protagonistak. 11 urteko semeek izandako borrokak eraginda, bi bikoteren liskarra du lanak oinarri, eta, bikoteetako baten egongelan garatzen da ia osotasunean. Txalo artean hartu dute filma.