Zinema
Asteko estreinaldiak
Almodovarren 'La piel que habito', eta 'Cowboys & Aliens', zinemetan
Erredakzioa
Antonio Banderas eta Elena Anaya protagonista dituen filma eta Cowboys & Aliens komikiaren moldaketa ikusgai daude jada.
Pedro Almodóvar suspense estiloarekin ausartu da La piel que habito filmean, eta Cowboys & Aliens eta Phineas & Ferb lanekin lehiatuko da zinema-aretoetan.
Canneseko jaialdian aurkeztu ostean, Erresuma Batuan eta Frantzian estreinatu zuten 'La piel que habito'. Desirak eta amatasunaren minak gidatutako thriller honetako protagonistak Antonio Banderas eta Elena Anaya dira. Banderas Robert Legdard psikopata da lan honetan, Elena Anayak antzezten duen pertsonaiaz mendekatuko den eroa.
Cowboys & Aliens filma Steven Spielberg handiak ekoitzi du, eta Harrison Ford, Daniel Craig eta Olivia Wilde izan ditu aktore nagusi. Jon Favreau (Iron man) zuzendariak gidatu du, eta izen bereko komikian oinarrituta dago. Lonergan (Daniel Craig) da mendebalde basatira iritsi diren estralurtarrei aurre egiteko gai den arma bakarraren jabe.
Disney Channel telebista kateko 'Phineas & Ferb' telesailak pantaila handira jauzia egin du. Perry ornitorrinkoarekin batera, filmeko bi protagonistak Doofenshmirtz doktoreari aurre egiteko beste dimentsiora pasatuko dira. Perry maskotak bere bi adiskideei laguntzeko agente sekretua dela azaldu beharko du. Ashley Tisdale, Sigourney Weaver eta Saoirse Ronan aktoreek jarri dizkiete ahotsak animaziozko lan honetako pertsonaiei.
Justin Bieberren neska-lagun izateagatik da ezagun Selena Gómez, Monte Carlo filmeko protagonista nagusia. Nicole Kidmanek ekoitzitako komedia berria Jules Bassen eleberri batean oinarrituta dago, eta Andie Mcdowell eta Cory Monteith ('Glee') ere ikus daitezke bertan. Pariseko bi adiskide Montecarlora joango dira bidaian, bietako bat oinordeko britainiar batekin nahasiko dute eta abentura dibertigarri bati egin beharko diote aurre.