Zinema
Estreinaldiak
Colin Farell, banpiro bihurtuta, aste honetan zinema-aretoetan
Erredakzioa
'Noche de miedo' lana dakarkigu aktoreak oraingoan. Gerard Depardieu eta Guillaume Depardieu, 2008an hildako haren semea, ere pantaila handian ditugu, 'Mammuth' lanarekin.
Zinema munduko izen ezagunez gainezka datoz aste honetako estreinaldiak: Colin Farell, Gerad Depardieu eta Helen Mirren aktoreak lan berriekin ditugu zinema-aretoetan.
'Noche de miedo'
1985eko beldurrezko klasikoaren moldaketa da, oraingoan Craig Gillespie Australiako zinemagileak zuzenduta. Jerry (Colin Farrell) auzokide berria biktima berrien bila etxez etxe dabilen banpiroa dela ohartuko da Charlie Brewster (Anton Yelchin) gaztea.
'La deuda'
John Madden zinemagileak zuzenduta, Helen Mirren (Rachel Singer) eta Sam Worthington (David) ditugu protagonista La Deuda filmean, 2007an estreinatutako Israelgo pelikularen izen bereko moldaketan. Kirurgialari nazi ezagun bat harrapatzeko misio sekretu baten hartu zuen parte, orain 30 urte Rachel Mossadeko agente ohiak. Berlingo kaleetan hil zuten orduan zirujaua, baina, kriminala bizirik egon litekeela zabaldu da, eta ikerketa berriz ireki beharko dute.
'Mammuth'
Gustave Kervern eta Benoît Delépine zinemagileek zuzendu dute 'Mammuth' komedia dramatikoa, Gerard Depardieu protagonista duen lana. Erretiroa hartzear dago Serge, eta oraintxe konturatu da lanean ibili den enpresa askotan ez dutela bertako langiletzat hartzen. Behar dituen dokumentu guztiak lortzeko prest da Serge, 'Mammoth' bere motozikleta zaharrean. Bidaia horretan iraganeko hainbat konturekin egingo du topo.
'Stella'
Sylvie Verheydek zuzendu du lana, eta gidoi onenaren saria eskuratu zuen Gijongo 46. zinemaldian. Jakingura handiko 11 urteko neska dotorea da Sttela, eta Paris kanpoaldean gurasoek duten tabernaren giro xumera egokitu da. Eskola berrira iristean, adiskidetasuna, lehen maitasuna eta nerabe garaiko liskarrak ezagutuko ditu estreinakoz.
'Black Heaven'
Galdutako telefono mugikor batek, dei misteriotsu batek eta nortasun faltsuetan oinarritutako sare joko batek kolokan jarriko dute Gaspard gaztearen bizimodua. Ustez ''denbora pasa'' baino ez den joko horretan, Audrey gazte xarmangarria ezagutuko du, mundu birtualean zein errealean. Gilles Marchand zinemagileak zuzendu du Grégoire Leprince-Ringuet eta Louise Bourgoin protagonista dituen thriller hau.
'Divorcio a la finlandesa'
Juhani eta Tuula Helin dibortziatu berri dira, eta, eroslea aurkitu arte, bikotearena izandako etxean bizitzen jarraitzeko erabakia hartuko dute. Bikotekide berrekin iritsiko dira jelosiak, iruzurrak eta gorrotoa.
'El Cairo 678'
Klase sozial ezberdinetako hiru emakume egiptoarrek bat egingo dute egunero beren herrian bizi dituzten sexu jazarpenen aurka borroka egiteko.