Itxi

Zinema

68. edizioa

Woody Allenek Donostian grabatutako filmak irekiko du Zinemaldia

agentziak | erredakzioa

'Rifkin’s Festival' da pelikularen izena, eta zine jaialdiaren 68. edizioari emango dio hasiera, irailaren 18an.

  • Dilan Farrow eta Woody Allen, Donostian. Argazkia: Efe

    Dilan Farrow eta Woody Allen, Donostian. Argazkia: Efe

Rifkin’s Festival-ek, Woody Allenek orain arte egin duen azken pelikulak, irekiko du Donostiako Zinemaldia.

Donostian grabatu zuen lan hori zuzendari eta aktore estatubatuarrak, eta horrek emango dio hasiera zinema-jaialdiaren 68. edizioari, irailaren 18an, inaugurazio galan.

Zinemaldiak ostegun honetan egin du iragarpena, ohar baten bidez, eta gogorarazi du Annie Hall-en egileak bigarren aldiz irekiko duela Zinemaldia, 2004an Melinda y Melinda filmarekin egin ondoren, Donostia Saria jaso eta Zinemaldiak atzera begirako bat eskaini zion urtean, hain zuzen ere.

Elena Anaya, Louis Garrel, Gina Gershon, Sergi Lopez, Wallace Shawn eta Christoph Waltz aktoreak aritu dira Allenen azken filmean.

Rifkin 's Festival komedia erromantikoa da, eta Zinemaldira joaten den eta jaialdiarekin liluratuta geratzen den bikote estatubatuar baten istorioa kontatzen du.

"Emakume batek affaire bat du Frantziako zinema zuzendari batekin, eta gizona hirian bizi den espainiar eder batekin maiteminduko da. Modu dibertigarrian konpontzen den komedia erromantikoa da", aurreratu du jaialdiak.

Harreman luzea

Zinemaldiak zinemagile newyorktarrarekin duen harremana 70eko hamarkadaren amaieran hasi zen, Manhattan (1979), Zelig (1983) eta Manhattan Murder Mystery (1993) filmak Sail Ofizialean, lehiaz kanpo, zein sail paraleloetan proiektatu zirenean.

1995ean, Zabaltegi sail jaioberria The Purple Rose of Cairo lanarekin inauguratu zen. Azken urteotan, Perlak sailean izan dira ikusgai haren filmetako batzuk: Match Point (2005), Vicky Cristina Barcelona (2008), Whatever Works (2009) eta Irrational Man (2015).