Zinema
Zinemaldia
Donostiako zinema eztandari aurrea hartu dio Felliniren unibertsoak
Erredakzioa
400 pieza hartzen ditu erakusketa honek. Bere lanaren oinarriak biltzen ditu: emakumea, kultura herrikoia, zirkua, haurtzaroko oroitzapenak, faxismoa...
Lau egun baino ez dira falta Donostiako Zinemaldia profesionalez, kritikariez eta zinema-zaletuz betetzeko, baina Federico Fellini hirian da dagoeneko.
Zinemagile italiarraren unibertsoa, ametsak eta obsesioak San Telmo museoan izango dira azaroaren 13ra bitartean. Erakusketaren izena "Federico Fellini. Ilusioen zirkoa" da.
400 pieza dira eta argazkiak, marrazkiak, karikaturak, bideoak, kartelak, egunkariak, aldizkariak eta pelikula zatiak aurkitu daitezke. Asko orain arte ikusi gabekoak dira eta Riminiko (Italia) egilearen lana bultzatu zuten lanak dira.
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak aurkeztu du erakusketa, Gerald Morin 70eko hamarkadan Felliniren zuzendaritza laguntzaile izan zenarekin batera. Bertan Paolo Fabbri Riminiko Federico Fellini Fundazioko zuzendaria eta Juan Jose Muguruza eta Lluis Reverter La Caixako bozeramaileak izan dira.
Gerald Morinek azaldu duenez, Felliniren oroitzapen eta bizitzaren zatiek zuzendariaren borondateari "traizioa egiten" dio. "Ez zitzaion batere gustatzen gauzak gordetzea, ezta argazkiak edota pelikulak... egitea gustatzen zitzaion", azaldu du 70eko hamarkadan zuzendaritza laguntzailea izan zenak.