Itxi

Zinemaldia 2024

Iritzia

'Sarkinak' (Intruders) eta 'Asalto al cine'; hasi da Zinemaldia!

Arkaitz Villar

Fresnadillok lan zuzena osatu du eta Iria Gomezek mexikoko kaleak hartuko ditu. Fermin Muguruza eta Asier Altunarekin topo egin dugu eta Zinemaldiko giroan murgildu gaituzte.

  • Arkaitz Villar. Argazkia: EITB

    Arkaitz Villar. Argazkia: EITB

Goizean goiz hasi dugu Zinemaldiaren 59. edizioa. Urte askoan Zinemaldiko filmen biltegian lanean aritu ostean, oraingoan filmez gozatzeko ordua iritsi zait.

Juan Carlos Fresnadilloren film berria, ‘Sarkinak’ (Intruders), izan da ikusi dudan lehen filma. Goizeko bederatzietan, gosaria beldurrezko eta fantasiazko generoak nahasten dituen ‘thriller’ batekin hartu dut. Ikuslea hasieratik harrapatzen duen lana da, tentsio askokoa. Hala ere, istorioa kokatzeko erabiltzen dituen lekua eta denbora, eta pertsonaien joan-etorriak errekurtso hauskor bilakatzen dira, eta filmaren indarra hustu egiten dute.

Jaialdiari hasiera emateko film zuzena da, batez ere, autore zinema barik, entretenimenduzko filmak nahiago dituztenentzat. Clive Owen eta Pilar López de Ayala protagonistek gidatzen dute nazioarteko antzeztaldea. Haien alboan, Carice Van Houten eta Daniel Brühl ere aurkituko ditugu, eta guztiak munstro misteriotsuak ikusten dituzten seme-alabei laguntzeko borrokatuko dira.

Hurrengo pelikulara joan aurretik Fermin Muguruzarekin eta Asier Altunarekin egin dugu topo. Biak lan berriak aurkezten izango ditugu aurten. Muguruzak Libanoko musikari buruz egin duen dokumentala aurkeztuko du eta Altunak aurtengo edizioan euskal zinemaren eszena markatuko duen lanetako bat: ‘Bertsolari’. Pozik eta estreinaldiak gauzatzeko gogoz aurkitu ditugu biak. Haiek eskainitako energia hartuta, goizeko bigarren emanaldira abiatu gara: ‘Asalto al cine’.

Gora gazteria!

Iria Gómez mexikarrak Zinemaldiaren 58. edizioko Zinema Eraikitzen sailean aurkeztu zuen gaur erakutsi duen lana. Sundance jaialdiko sail ofizialean parte hartu du aurten eta hainbat jaialditan saritu dute. Mexikon eguneroko miseriatik ihes egin nahi duen gazte talde baten kontakizuna dakar; gazteok zinema areto bat atrakatuko dute. Gazteriari zuzendutako lana da: hip hopak, graffitiek, break danceak, skateak eta, oro har, kale kulturak ezinbesteko tokia dute. Batzuetan klixe gehiegi erabiltzen dituela badirudi ere, interpretazio sinesgarria lortzen duten aktoreek ikuslea Mexikoko auzune txiroko kaleetako murgiltzea lortzen du. Drogek, Poliziaren ustelkeriak eta familiarteko liskarrek eguneroko bizitza markatuko dute eta kaleko soinu banda bilakatuko da filma.