Zinemaldia 2024
Kritika
'The deep blue sea' eta 'Take this waltz', maitasun kontuak
Arkaitz Villar
Bikote harremanak aztertzeko modu ezberdinak aurkeztu digute Terence Davies eta Sara Polleyk.
-
Arkaitz Villar. Foto: EITB
Sail Ofizialeko igandeko emanaldiak bikote harremanak aztertzeko bi modu ezberdinek markatu dituzte. Terence Daviesek antzerkira gerturatzen den lan geldoa aurkeztu du eta Sara Polleyk bideoklipetik gertu dagoena.
56. edizioan Zinemaldiak ziklo bat eskaini zion Terence Davies britainiarrari. Sail ofizialean aurkeztu duen ‘The deep blue sea’ lan zaila da gaur egungo zinemaren erritmo bizira ohituta gaudenontzat. Hor erakusten du Daviesek ausardia, baita maisutasuna ere, egun zuzendari asko ez baitira horrelako lanak eraikitzeko gai. Egitura klasikoa duen lan honek antzerkia dakar gogora Rachel Weisz aktorearen interpretazio txukunari esker, besteak beste. Narrazioa geldoa du eta niri asko kostatu zait jarraitzea, nekagarria iruditu zait. Hala ere Daviesen jarraitzaileak gustura atera dira zinematik.
Sara Polleyk hanka sartu du ‘Take this waltz’ filmaren azken hogei minututan. Ordu arte zinemaldiko ezustekoa bilakatu da bere bigarren lana. Gizon ezezagun batez maitemintzen den eta ezkonduta dagoen Margotek bere bizitzarekin zer egin erabaki beharko du. Erabakia hartzen duen unean dator filmaren gainbehera. Bitartean erritmoz beteta dagoen lana da, irudi indartsuak erakusten dituena eta gidoi dibertigarria daukana. Filmeko elkarrizketak oso biziak dira eta egoera ezberdinek ere ikuslearen irria eragiten dute. Baina amildegitik behera doa azken txanpan sortzen duen klimaxarekin.