Zinema
Zinema
'Dik' film labur australiarra garaile, Bilbon
Erredakzioa
EITBko Multibox aretoan egin zuten Manhattan Short Film Festival jaialdiaren bosgarren edizioa.
-
Bilbon egindako jaialdiaren aurkezpena. Argazkia: EITB
Manhattan Short Film Festival jaialdi ibiltariak bosgarren edizioa egin zuen Bilbon irailaren 23an. Australiako 'Dik' film laburra izan zen puntu gehien eskuratu zituen lana (138 boto, guztira). Horren atzetik, 'I love Luci' (79 boto) eta 'The legend of beaver Dam' (63 boto)sailkatu ziren.
Bost kontinenteetako 250 hiritan 100.000 lagun baino gehiago elkartuko dira jaialdiaren 14. edizioa jarraitzeko. Zinema, galeria, museo eta kafetegietan bilduko dira film laburrez gozatzeko, eta irabazlea euren botoen bidez aukeratzeko. Bilbok Jaialdiaren azken lau edizioetan hartu du parte, eta irabazlea mundu osoko ikusleekin batera aukeratu ahal izan du. Urriaren 2an New Yorken egingo duten festa handian jakinaraziko dute irabazle berriaren izena.
Jaialdiaren Bilboko bertsioa Bilboko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta EITBk antolatu dute, Cineclub FASen parte-hartzearekin.
One Week, One World, One Festival goiburuak adierazten du Manhattan Short Jaialdiaren filosofia. Astebetean, munduko hainbat aretotan, edizio honetako 10 film labur finalisten emanaldiak eskainiko dira, eta irabazlea publikoak aukeratuko du. Ikusle bakoitzak boto-txartel bat jasoko du emanaldira sartzen denean, eta ikusitako film laburren artean gogokoenari eman beharko dio botoa. Proiekzioa bukatutakoan txartelak jaso eta zenbaketa egingo da. Bozketaren emaitza posta elektroniko bidez bidaliko da Manhattanera.
Bilboko saioaren puntuazioa
1. 'Dik' (Australia): 138 boto
2. 'I love Luci' (Escozia): 79 boto
3. 'The legend of beaver Dam' (Kanada): 63 boto
4. 'Martyt friday' (Egipto): 21 boto
5. 'David & Goliat' (AEB): 20 boto
6. 'A doctors job' (Peru): 10 boto
7. 'Mak' (Suitza): 9 boto
8. 'Incident by a bank' (Suedia): 4 boto
9. 'Sexting' (AEB): 0 boto
10. 'The Forest' (Hungaria): 0 boto